Erorketa bortitzaren ondoren berriro zutik
Jorratzen diren bideak arriskututsuak dira zenbaitetan. Abiadura handian ibiltzen denak, hori badaki, jakina, baina norberaren gorputzaren aurkako kolpe bortitza pairatzeak arriskua hor dagoelaren haragizko irudia osa dezake. Eta adibideak motor kirolen historian, tamalez, oso ugariak dira. Alex Mariñelarena moto gidari nafarra euskal motorraren sentsazioa izan da azken urteetan. Moto 2aren kategoria hortan lehiatzear, soilik 21 urterekin etorkizun distiratsua zuela adierazten genuen duela hilabete batzuk. Halere, gauzak nola alda daitezkeen une bakar batetan. Iragan otsailean kolpe gogorra hartu zuen erorketa baten ondoren. Paul Ricard zirkuito frantziarreko segurtasun hesi baten aurkako inpaktua nabarmena izan zen, eta zorte txarrak nahi izan zuen Mariñelarenak buruan jaso izana. Horren ondoan bigarren mailako kontua ematen zuten eskuineko sorbaldan eta bi oinetako metatarsianoen hausturek. Osasun zerbitzuetako langileek euskaldunaren egoeraren larritasuna behatu ondoren koma eragin zioten, eta hala egon zen 6 egun luzeetan barrena.
Hauxe otsailean gertatu zen. Apirilean ospitalea utzi egin zuen, eta ordutik errehabilitazioan ekinaren ekinez jorratzen ari da Irurtzungoa, kolpearen aztarna oro ezabatu nahiean. Oreka eta koordinazioan hainbat arrasto utzi ditu buruan harturiko kolpe lazgarri hark, eta horrela, normaltasunera bueltatzeko urratsak, kasu hontan literalki, geldoak dira. Halere, hasieran ibiltzeko gai ez zen arren, aste gutxitara bizikletaren gainean aritzeko arazorik ez zeukan.
Moto gidaria da, eta ondorioz, helmugetara laister iristearen borondatea zainetan darama, baina zirkuito hau luzea izango denaren erabateko konzientzia du Mariñelarenak. Moto 2ko mundialean egoteko esperantza zuen denborada hontarako, eta hori tamalez, ez da gauzagarria izango, urte hontarako egutegiak ez baitu denborarik utziko, baina gaztetasuna alde dauka nafarrak. Izan ere, noizbait galdetu izan diote bizi duen susto honek zirkuitoetan 260 kilometro orduko abiaduran ibiltzeko grina ez ote dion ezabatu. Azkar erantzuten du Alex Mariñelarenak. Izan ere, zailtasunak agertuko dira bidean, baina ametsak...horiek ez dira aldatzen.