Beñat Igerabideren disko berria
Beñat Igerabide gipuzkoar musikariak disko berria plazaratu du Elkar zigiluaren eskutik. 3 urte baino gehiago igaro ditu bere bakarkako lan berria prestatzen. Mimo handiarekin abestiak sortzen hasi zen, eta ondoren, bakarkako lan honetan eta zuzenekoetan lagunduko dioten taldea osatzen hasi zen. Gus Gonzalez (bateria), Maria Soriasu (baxua) eta Gorka Urra (gitarra) izan dira Beñat Igerabide buru dutela “Orbainak” (Elkar 2014) lana osatu dutenak.
“Orbainak” lanean Igerabidek barnera begiratzen du, bere bizipen propioez beteriko hitzak aurkitzen ditugu 11 abestiz osaturiko lan honetan. Pop melodiak dira nagusi diskoan zehar, batzutan momentu intimoagoak beste alaiago batzuekin batzen ditu eta rock musikaren etorria ere nabaria da diskoan.
Letrak eratzeko orduan gizakien hartu emanetan oinarritu da, bizipenak, burutazioak eta pentsamenduak isladatzen dira bertan.