Oraindik ere zuloan
Zulotik ateratzea zein zaila den badakigu denok ere. Bizitzan hainbat zulo badaude, eremu bakoitzak berea dauka. Horrela, goi mailako futbolari dagokionean, bigarren B mailak putzuaren adiera izango luke, eta bertara erortzen denarentzat ez da erraza izango berriro ere goian izandako argitasunaz gozatzea. Era xehean esateko, zilarrezko futboletik brontzezkora dagoen aldea oso nabarmena da, eta ez kasualki, kirol profesionalaren muga bukatzen da normalean bigarren maila horrekin.
80 hautagaientzako lau postu soilik. %5eko ziztrin horren esperantza urria jorratzeko ekimenez hasten dute bigarren B mailako taldeek urteroko jarduna. Denborada osoko esfortzuak igoera distiratsu batera bideratzen dira, baina azkenean, instant bakarrean erabakitzen da zeruaren eta infernuaren arteko muga.
Sestao River berez ez da goi mailako kategorietan askotan egondako taldea. Herri bizkaitarreko beteranoek oraindik ere kontatzen dute nola, 1987 urtean eta Javier Irureta entrenatzaile zela, Sestao Sport zaharra (egungo Sestao Riverrek talde honi hartu zion lekukoa) lehen mailarako txartela lortzeko zorian egon zen, Valentzia, LogroƱes eta Celta irabazle atera ziren play off lehiatu hartan. Kontuak kontu, urruti dira Sestaoko herriak bigarren mailan igarotako garaiak, 1996an izan baitzen azken jaitsiera. Aurtengorako itxaropentsu ziren kamiseta berde eta beltza zeramaten jokalariak. Liga zoragarria gauzatu ondoren Albaceteren aurka joan eta etorriko kanporaketa gainditzea baino ez zen geratzen azken zailtasun gisa. Eta bi partidetan txartela eskuan sentitzearen ustea izan dute bizkaitarrek. Las Llanas-eko zelaia jantzi onenekin prestatu zen taldeari bultzada indartsua emateko, eta une batez, markagailuak 3 eta 1ekoa zehazten zuela, kontua bideratua ikusten zen harmailetan. Irudikapena izan zen, epailearen erabaki polemiko batzuen ondoren (bi penalty adierazi zituen manchegoen alde) hirunakoak dena Albacete aldean erabakitzeke uzten zuen.
Ez zen berez emaitza ona sestaoarrek zutena, baina ezustean 0 eta 2koarekin jarri ziren euskaldunak Carlos Belmonten. Partidek, halere, 90 minutu dituzte, eta etxekoen indarrak partida berdintzea lortu zuen, eta hala, igoera ez zen posible izan Sestaorentzat, etxetik kanpora golek daukaten balio handiagoagatik. Ondorioa, kanporaketan 5 gol sartu, partidarik ez galdu, eta halere, putzuan jarraitzeko zigorra jasan behar.
Oraindik ere, halere, esperantza zirrikitua geratzen da, izan ere, beste bi kanporaketa gaindituko balitu, bigarren mailako ametsa gauzagarria da bizkaitarrentzat. Ea bi partida hauetan harturiko mailukada kudeatzearen erronkari tamaina hartzen dion Sestao Riverrek.