Jokatu gabe galdu
Zorteak zenbat baldintza gaitzake bizitzan? Nolako eragina dauka halabearrak gure xedeak lortzeko borrokan ari garenean? Gure eskuetan dago helburuak lortzeko giltza, edo zenbaitetan kanpo faktoreek determinatzen dute gure patua? Ziur asko galdera hauen inguruko erantzun garratza emango lukete Getxo Artea errugby taldeko jokalariek.
Partida ezin garrantzitsuagoa zuten bizkaitarrek Complutense Cisneros talde madrildarraren etxean. Ligako azken jardunaldia zen, eta neurketa zail hontan (sailkapenaren bigarrenari bisita egiten zioten) getxotarrek titulurako play off-etan sartzeko esperantzak neurtzen zituzten. Seigarren tokian egonkortuta, irabazteak ligako onenen arteko kanporaketetan sartzeko txartela eskeintzen zuen. Kontzentrazioa erabatekoa bazen ere, bizitzaren broma makabro horietako bat iritsi zen. Madriletik 60 kilometrotara zeudela, autobusak arazoa izan zuen eta hortxe geratu behar izan zuten jokalari denek. Liga bukatzeko erarik tristeena, ondorengo egunetan are gehiago goibeldu zena, izan ere errugby federakuntzak zigor gogorra iragarri zuen talde euskaldunarentzat: partida 7 eta 0 galtzeaz bat, 500 euroko isuna onartzen zen, eta batez ere, sailkapen orokorrean bi punturen galera. Antolakuntzak, berandu bazen ere, iristeko aukerak bazirela aurpegiratzen zion taldeari, nahiz eta honek era duinean ailegatzeko aukerarik ez zegoela argudiatzen zuen.
Ondorioa, play off-a lehiatzeko aukerarik gabe apenas geratu zen Getxo Artea. Eta berriro ere bizitzaren ironiak, etekina beste talde euskaldun batek jaso du, AMPO Ordiziak hain zuzen ere. Hortarako, hori, Bathco talde kantabriarraren aurka, garaipen distiratsua erdietsi behar izan dute. Hala, gipuzkoarrek, azken denboraldietan daramaten ibilbide arrakastatsua jarraitzeko aukera izango dute, eta play off-etan sorpresa emateko hautagaitza mahaigaineratu dute Altamirakoek.
Batek irabazteko beste batek galdu behar duela esaten zaio etengabe burumakur eskolako patioan galtzaile suertatzen den umeari. Kirolaren maxima orokorra izateak halere, ez du Getxo Arteako taldekideei amorrua barnetik ateratzeko balio, izan ere, galtzeko jokatu behar da lehenik eta behin, eta hortarako aukerarik gabe, ez dago kirolari sentitzerik.