Lehen aldia

Aupa denoi,
Zelan? Ondo? Aurrera ba! Denok martxan jarrita udaberriak ekartzen digun saltsarekin.

Hogei urte baino gehiago daroadaz sexuen heziketa munduan eta batzuetan argi daukat gauza asko aldatu izan direla baina beste hainbat gauza ez dira aldatu. Batzuetan harridura sortzen dit, baina patxadaz begiratu ezkero konturatzen naiz sakoneko aldaketek denbora asko behar izaten dutela. Are gehiago beharbada belaunaldi guztiek pasa behar dituztela prozesu berberak, bidaia horiek egiterakoan sentsazio, burutazio eta emozio asko, zer esanik ez jokabide asko nahiko antzekoak izaten baitira nahiz eta testuinguruak desberdinak izan.
Horretariko bat lehen aldia, zelan ez askotan esan dugun moduan gure burura bat baino ez etortzearren (sarketa zakila-bagina), gure bizitzaren zehar lehen aldi asko daude eta ez dira guztiak neska eta mutilen artekoak … Baina tira, gaur ez gara horretan tematuko beste artikulu batzuen edukia izango da eta.

Lehen sarketa horren gaineko hainbat galdera korapilatzen dira: nesken mina, eta mutilari zer, odola, noiz izan behar den, zelan egin erekzioa mantentzeko, zein den adinik egokiena, zer egin ezin bada sartu, zelan berotu bikotekidea, zelan jakin zer egin behar dugun, zer egin arinegi korritzen banaiz, zelan eman orgasmo bat... Lehen sarketa baino lagunen edota maitaleen lehen lehiaketa ematen du!!

Hona hemen pista batzuk bakoitzak bere bidea egin dezan,  bakoitzak baino ez duelako jakingo zein den unea, mutil edo neska bakoitzarentzako esperientzia desberdina delako, ni ez naizelako inor esateko zuok zer egin behar duzuen,harremanak (hartu-emonak bizkaieraz) bi pertsonen artekoak direlako eta erlazio horretan eraikiko duzuelako BION artean izango dena.  Bizitzako hainbat gauzetan bezala gauza bat da gogoan  daukaguna eta bestea egiten duguna, dena dela aberasgarria.
Uste dut bi lagunen arteko bidaia horretarako motxilan lagungarriak izango zaizkizuela:

Konfiantza

  • Lagungarria izaten da jakitea zelan nahi dudan une hori izatea, zer izango zen inportantea niretzako, zeintzuk diren bai ala bai bete behar diren baldintzak, zeintzuk diren norberaren “paranoiak” edota desioak.
  • Guzti horiek konfiantzaz  askoz errezago bideratzen dira, beraz, neure buruarengan eta nire lagunaren barrenak askatzeko konfiantza izan beharko dugu.

Gorputzaren jakinduria

  • Norberaren gorputzean plazeraren bideak zeintzuk diren, ordura arte bakoitzak asmatu izan dituenak, gure lagunarekin konpartitu...Lagunak ez du zertan jakin behar zer dugun gustuko ala ez, zelan egin ni hobeto egoteko, beraz, adierazi.
  • Norberaren gorputzaren lasaitasunaren bideak. Zeintzuk dira gu errelaxatzeko moduak, gu lasaiago egoteko erak? Urduritasuna baretzeko behar izango ditut.
  • Batzuetan berbak edo gorputzaren mugimenduak izaten dira  elkar ulertzeko bidaideak.

Umorea

  • Elkar ezagutzea eta ikastea askoz ere lasaiago egiten dugu umore puntu batekin. Edozelango kirola edo artea ikasten gabiltzanean indarra behar dugu baina batez ere gozatzeko grina, ondo pasetako...txarto egitea edo hasieran pentsatu izan duguna ez lortzea bidaiaren zati bat da. Umoreak trantze horietatik ateratzen laguntzen digute, eta gainera lagunarekin errezago egingo dugu bat.

Hirurak (konfiantza, jakinduria eta umorea) gure baitan daude. Ez itxaron unea heldu arte gauzatzeko gaur bertan zeure buruarekin martxan jarri. 

Jolastu, sentitu eta askatu!!!

 

Agurtzane ORMATZA

2014, Apirila 02
Arloa: Jo ta jo