Hilekoari so!

Kaixo denoi,

Banatortzue beste unetxo bat zuokin partekatu gurean. Gaurkoan dakartzuedan gaia gehienetan neskei dagokielakoan gaude baina ezinbestekoa izango da denontzako ere nesken munduari buruz informazio anitza eta sakona edukitzea sexuen arteko harremanak sendotzeko eta gure artekoak gozagarriak izateko!

Gure neskalagunak, gure alabak, gure ahizpak, gure arrebak, gura amak, gure amamak, gure izekoak dira eta. Egun, hilekoari buruz inoiz baino informazio gehien daukagu . Ez da harritzekoa zuon eskoletan zein etxeetan inoiz gai honi eutsi badiozue. Neska bazara badakizu honi lotutako hainbat gorabehera lehen hilekoa eduki baino lehenago. Beraz gaur ez naiz alde biologikoan murgilduko, nahikoa daukazue eta.

Behin baino gehiagotan eutsi diogu hilekoari, orain dela gutxi ere bai eta espero dut idatzi bakoitzean gauza batzuk errepikatu arren artikulu guztiak batuta zuon hilekoaren esperientzian lagungarriak izatea.

Neskato gehienek 12 urterekin edo daukazue lehen hilekoa, halan da guztiz ere batzuek lehenago eta beste horrenbeste askoz ere gerorago. Koadrilako lehenetarikoa bazara zein azkenetarikoa sentsazio gazi-gozoak biziko dituzu, taldetatik at sentitzea ez da izaten trantze goxoa eta.

Baliabide bat luzatuko dizuet bakoitzaren hilekoari buruzko informazio gehien izateko. Ziklo gehienak 28 eguneko bueltakoak izaten dira , nahiz eta 14 egunekoak eta 30 egun baino gehiagokoak egon ere. Ziklo bakoitzak lau fase ditu: obulazio baino lehenagokoa, obulatzen gaudenekoa, hilekoa izan baino lehenagokoa eta hilekoa daukagunekoa.

Ondo egongo litzateke neskato bakoitzak apuntatuko balu hilero bere zikloari buruzko informazioa. Noiz eduki zenuen zure lehen hilekoa? Behin hori edukita hilero batzeko informazioa:

  • Zein egunetan eduki dut hilekoa?
  • Zelango hilekoa izan dut. Odoltsua, koaguloekin, arina, zelango aldaketak igarri ditut nire gorputzean (titiak ,baginan, sabelean ,giltzurrunetan, minak non, plazera …), zelango aldaketak nire gogoan (triste, armin, ligorra, haserre,euforia)
  • Zikloaren (hilekoa daukazun bakoitzean apuntatzen baduzu lehen eguna, egun bi horren tartean dagoen denbora zikloa deitzen dugu) fasei buruzko informazioa batu: zelan sentitzen duzun zure gorputza, zelan ikusten duzun zure burua (gogotsu gauzak egiteko, lagunekin egoteko, hobeto bakarrik, energia gabe etxean botata egoteko, kontzentratzeko gaitasun handia, plazera gauzatzeko gogotsu, lasaitasuna …)
  • Zikloaren zehar zelango egoerak bizi izan ditudan. Haserrealdiak familian edota lagunekin,goxotasun momentuak, azterketen stressa, guretzako inportantea den inoren heriotza edota istripua

Hilero neskon gorputzak aldaketa batzuk izaten ditu nahiz eta askotan konturatu ez. Garrantzitsua izango da neska bakoitza bere zikloaz jabetzea, zelango eragina daukan bere baitan jakitea gero hobeto nola kudeatu jakiteko. Egia da zuon eguneroko horretan apuntatzeko informazio askotxo dela baina seguru asko 6 ziklo jarraian ahalik eta zehaztasun gehienak apuntatzen badituzue informazio oso baliogarria batuko duzuela. Eta konturatuko zara ia ziklo guztietan agertzen diren gauzak nahiko antzekoak direla: gorputz aldaketak, gogoari lotutakoak … Ikusiko duzu zelako gaitasunak eta beharrak dituzun zure zikloaren aldi desberdinetan, zelan zikloka sarri errepikatzen diren, zelan gure inguruan gertatzen dena gure baitan pentsatzen duguna baino eragin handiagoa duen ….

Gure beharrak bideratuz , gure gorputzari kasu eginez eta gure gaitasunak aprobetxatuz seguru nago zikloaren aldi bakoitzari etekin ederra aterako diozuela. Gure zikloa barneratzeak izugarrizko indarra ematen digulako, animatzen zaituztet zuona ezagutzen!!

Besarkada handi bana,

agurtzane

Agurtzane ORMATZA

2014, Apirila 02
Arloa: Jo ta jo