Lea-Artibai eskualdea txapeldun
Arratia eta Lea-Artibai aritu dira kantuan, umorezko finala izan da
XXII. Bertsolari Gazteen BBK sariketa martxoaren 11n hasi zen Markina-Xemeinen, eta Bilbon amaitu zen bariku arratsaldez. Hiru kanporaketa eta bi finalaurre izan dira, eta zazpi eskualdek parte hartu dute: Arratia, Biboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Ipar-Uribe eta Lea-Artibai.
Kafe antzokia bertsozalez beterik zegoela eta ohiko urduritasunarekin hasi zen finala. Bernardo Mandaluniz gai jartzen eta oholtzara igotzen lehen taldea Arratiarrena. Aitor Asua, Lur Ziarrusta eta Jon Larrabide eta atzetik etorri zen Lea Artibaiko hirukotea: Aitor Ruiz, Graxi Arregi eta Naroa Loiola. Gazteetan ez zen alderik izan bi taldeen artean, akats txiki batzuk tarteko, ohikoak adin hauetan, saio polita izan zen.
Nagusien taldean erabaki zen finala. Lea-Artibaik talde gogorra plazaratu zuen. Aissa Intxausti, Eneko Arrate eta Nerea Ibarzabal. Arratiak; Malen Amenabar, Irati Astondoa eta Illart Gumuzio. Igarri zen maila desberdintasuna. Gazteen mailan azkar kantatu zuten sei kideek eta bertso borobil batzuk ere joan ziren. Nerea Ibarzabal nabarmendu zen bakarkako bertsoetan eta baita Eneko Arrate eta Irati Astondoa ere zortziko txikian. Malen Amenabarrek ofizio dotorea osatu zuen zortziko handian.
Amaieran, Arratiak 396 puntu eskuratu zituen eta 422 Lea-Artibaik. Bizkaierarik egokienaren saria Malen Amenabarrek eroan zuen eta aurtengo parte hartzailerik gazteenarena Lur Ziarrustarentzat.