4.000 kilo mugitzen dituzten piztiak
Herri kirolak disziplina ugari hartzen ditu bere gain, eta denen artean, akaso besteen artean desberdina suertatzen dena, kirolarekiko kanpo elementu deiagarria bere gain hartzen duelako, animalien proba sorta litzateke. Eta haien artean idi probak lirateke errege, bai tradizioagatik, eta baita egun euskal plazetan daukaten onarpen eta jarraitzaile kopuruagatik ere.
Animalia erraldoi hauen inguruan bizi diren zirrara eta grinak nabarmenak dira Euskal Herrian barrena egiten diren probetan, eta sarritan, irudi ez hain atseginak ere ikusi izan dira. Tartean Berrizko probalekuan, Antonio Deunako egunean ikusi zena. Herri bizkaitarreko txapelketa disziplinan dagoen entzutetsuenetarikoa da, probatzaileak irrikaz prestatzen duen norgehiagoka. Bere ibilbidean eman diren 58 edizioek idi proben katedral bezala izendatzen dute.
Bada, 2014ko edizioa historiara pasa bada, ez da azken unerarteko lehia bizia tarteko egon delako, eta idi pare zehatz batek erakustaldi boteretsua eskaini zuelako. Bertan behera geratu zen probalekuan olio zikingunea azaldu baitzen. Harri pisutsuak mugitzeko proben tranpa klasikoa dugu hauxe, olioa lurrean badago askoz ere errazagoa da harria aurrera eramatea, irristatu egiten baita, horrela abantaila nabarmena lortuz. Epaileek panorama ikusita bertan behera utzi zuten proba, lehiakide, antolatzaile eta ikusleen atsekaberako.
Ertzaintzak adierazitakoaren arabera, ikusleagoak bota zuen proba zapuztu zuen olio hori probalekura. Zergatiak aztertzea komeni da akaso? Apusturen bat galtzeko beldurrez zen pertsonak eginiko zerbait izan daiteke? Teoria gehiago ere bazeuden burumakur etxera bueltatzen zen idi -proba zaleen artean. Tartean doping kontrola saihesteko tresna izan litekeela, proba ez bukatzeko interesak tarteko egon zitezkeela ondoren etor zitezkeen ondorioak ekiditeko asmoz.
Izan ere, produktu ez baimenduen erabilera, oso presente egon da azken urteetan idien eremuan. Eta auzia uste baino irristakorragoa da, izan ere, gizakien doping kasuetarako erabiltzen diren parametro zorrotzak aplikatzea zilegi da animalien sustatzietaz ari garen heinean? Kontuak kontu sustantzia ez baimenduak desagertu daitezen, probetako antolatzaileek neurriak indartu dituzte, eta horrela, esaterako, sari metalikoak ez dira emango proba medikoek idiak garbi daudela bermatzen duten arte. Gogorregia akaso? Baliteke, baina jokoaren legeak onartu beharra ezinbestekoa da kirolaren barnean seriotasuna ezar dadin. Kiroletik kanporako kontuak, bai laguntza mediko debekatuak edo Berrizkoa bezalako olio zikinkeriak, berriz gerta ez daitezen.