Iñigo Aranbarri - Idazlea
Dagoeneko ez dagoen kazetaria dut gogoan
- Poesia, saiakera eta nobelak idatzi ditu
- 14 urte aurreko nobela Emon bihar yako plazaratu zuenetik
- Susa argitaletxearekin plazaratu du liburua, osorik dago sarean
- Itoizen urperatutako herrietan kokatu du nobela hau
Sinbolo moduan, garai batean orain urpean diren parajeetan amets egin zuen jendearen ilusioak ere azpian harrapatzen dituen munstroa da urtegia.
14 urte igaro dira Emon biar yako nobela argitaratu zendunetik, bitartean beste hainbat liburu plazaratu dituzun arren, nobela hau buruan izango zendun ezta?
Buruan, zeuk esan duzu. Urte asko dira hildakoen hezurrek bizidunekin lotura izango zuten istorio bat obsesio bihurtu zitzaidala. Gero, batagatik ez bada besteagatik, asko luzatu da dena. Obsesioa bera ere eraldatu egin da. Gauzak hainbeste luzatzen utziz gero gertatzen den zerbait da.
Liburu hasieran Lasa eta Zabalaren gorpuen kontua aitatzen da, hori zer, gai handiegia zan nobela honetarako ala?
Gai handia barik, gertuegikoa. Tamaina barik, distantzia ezak urrundu nituen hasierako proiektutik. Hasierako asmoa hori nuen, Lasa eta Zabalaren hezurren aurkitzetik abiatuta, gure belaunaldiaren argazki bat egitea. Dokumentazio asko batu nuen, Busoteraino joan ginen, zuloa aurkitu… fikziorik ez nion ikusten baina. Istorio ederra da, baina seguru asko kazetari baten lana da, ez fikzio asmatzaile batena..
Hiru protagonista nagusi daude nobelan, Imanol (kazetaria), Oscar (argentinarra) eta Maite. Zer bilatu duzu pertsonaia hauekaz?
Elkarrengandik nahiko gertu dauden hiru puntu, adiskidetasuna, erakarpena eta egin beharra nahastuko dituen triangelua osatuko dutena. Antzekoak dira, baina baita elkarren kontrapuntu ere.
Pertsonaiei buruzko deskripziorik idatzi ez arren, irakurleak badaki zelakoa den bakoitza. Apropos egingo zendun hori.
Ederra da hori entzutea. Dena esan didazu. Idazleak nolakoak diren esan gabe irakurleak baldin badaki nolakoak diren, zergatik da? Jokatzen duten moduagatik, esaten dutenagatik… Hori da interesatzen zaidan literatura, dena mamurtuta eman beharrean irakurleak berak osatzen duena.
Iruñean kokatuta dago nobela, handik Agoitzera eta Irati bailarako asmatutako herri batean gertatzen dira kontuok. Zergatik Iruñea eta Larrangain?
Bata, toki erreala da. Hiri bat behar nuen, egunkarien erredakzioa egoteko moduko hiri bat, atzerritik lanera etorritako jendea hartzen duena. Larraingain, berriz, asmatua da. Nobelan dagoen herri asmatu bakarra. Itoitz inguruko herriak hain txikiak izanik, ez nuen irakurleak esaterik nahi: Itoitzen, Artozkin edo Nagoren ez da inoiz Juana Ardanaz izeneko emakume bat bizi izan. Sinesgarri izanik, behar nuen askatasun hori.
Itoizko urtegiak dagoeneko estali ditu herriok, zer galdu dugula uste duzu? ezer geratu da ur azpian?
Egun hauetan ikusi dugu Sartagudan. Parkearekin eta monumentuekin, fusilatuak atera dituzte egurastera senitartekoek. Begiak betetzeko moduko istorioak irakurri ditugu prentsan, ondorengoen memorian baino gorde ez direnak gehienak. Sinbolo moduan, garai batean orain urpean diren parajeetan amets egin zuen jendearen ilusioak ere azpian harrapatzen dituen munstroa da urtegia.
Era berean, Argentinako kontu batzuekin abiatzen da liburua, eta presentzia dauka liburu osoan zehar. Pertsonaietako bat argentinarra da, eta bere familiaz diharduzu. Zerk erakarri zaitu handik? Desagertuen loturak? Gerraren zantzoak?
Dudarik gabe, bada nahita lortu nahi den lotura bat hiru zuloen artean. Juana Ardanazen zuloa Itoizko urtegian, eta La Plata ibaiko biak, alegia, Graf Spee korazatuarena eta Videla eta Galtieri jeneralen garaiko 30.000 desagertuena, memoriak lotzen ditu, zerk bestela. Hiru zulo, elkarrengandik aparte, elkarren antzik ez dutenak itxura batera, nola lotzen diren gaur egungo Iruñean lanean ari diren hiru lagunen baitan. Hori da idazlearen egin beharretako bat, ez?
Pertsonaia nagusia, Imanol Arellano, kazetaria da. Hizlandia idatzi ostean, ze gogo ukan duzu ba, barriro kazetaritza kontuetan abiatzeko?
Hasieran ez nintzen horretaz konturatu. Kanpotik ikusita, berriz, garbi dago idazlearen fobiak eta filiak halakoetan agertzen direla azalera. Eta egia da, kazetaritzak ez nau epel uzten. Idaztea duelarik lana, uste dut ardura handiko lana dela, transmisioan ez ezik egungoa ondo kontatzen ere asmatzen erraza ez duena. Beharbada dagoeneko ez dagoen kazetaria dut gogoan, literaturaren baliabideei zukua ateratzen diena, zer esango dizut, Joseph Roth-ek 1920ko hamarkadan Berlinen eta Berlinez idatzitako kronikak irakurtzen ari naiz egunotan: hunkitzerainoko koadro sozialak dira.
Euskarazko kazetaritzan, uztartuko ziran orain arte be kazetaritza eta literatura, eta literaturan?
Nik uste literaturak ia beti duela kazetaritza ondoan, bai egunero prentsan kontatzen diren istorioetan fikzioaren abiapuntua topatzeko bai kontatzeko moduak. Alderantziz baino gehiago, seguru asko.
Liburua aurkeztu, elkarrizketak, kritikak... ze bide du gaur egun euskarazko liburu batek? Nahikoak al dira? Literatura, ez al da ba zulo bat uretan?
Munduko liburuek dutena, gero eta zailagoa. Arrazoiak eta arazoak ez dira gureak bakarrik. Gehitu horri oso hizkuntza komunitate txikia garela… Nahiago nuke bestela izatea, idaztea eta kito, hor amaitzea, baina “nork defenditurik” izan ezean, zail du liburu batek aurrera ateratzea. Eta gurean, horiek guztiak beteta, mila irakurle izatea, lorpen itzela da. Horra garenaren neurria.