Etekinaren onura

Iker Zabala

Gabon argiak itzaltzen doazen hontan, utzi digutenaren balantzea egiteko garaia ere badugu. Oro har, urte bukaera bakoitzean kontsumoaren joera nabarmendu beharra badago ere, beste hainbat ondorio positibo ere azpimarratu beharko genituzke, garai berezi honen aspektu eraginkor gisa. Karitatearen eta benefizentziaren gaineko hausnarketa ez hain alaiak egiten dituztenak badaude, sobera daukaguna ezer ez daukanari emateko jarrera bezala hartzen baita, baina egia da ondasuna banatzearen esfortzuak pertsona asko laguntzen dituela, eta gabonak hortara bideratzen diren egunak direla.

 

Hala uste izan dute Joseba Etxeberria eta Rafa Alkorta futbolari ohiek, izan ere, aurtengoan futbol partida berezia jarri dute martxan Miribillako Bilbao Arena pabilioan. Bere lagunen bultzadarekin, gabon ekimen benefikoa piztu dute, lagunarteko giroan jokatzekoa, eta publikoarentzat interesa sustatzen zuena, hainbat arrazoirengatik: oso merkea zelako, euro bakarreko sarrera baino ez zen eskatzen, eta horrek umeentzako oso egoki bilakatzen zuen; hainbat futbolari ohik parte hartzen zutelako, tartean Iñaki Lafuente, Isma Urzaiz, Javi Gonzalez edo Fran Yeste, horrek dakarren nostalgia fenomenoarekin; futboletik kanporako hainbat aurpegi ezagun, Efren Vazquez, Pablo Berasaluze, Unai Basurko edo Kepa Junkera tarteko, baloiarekin ikustearen irudi xelebreak arrakasta handia duelako gizartean; eta batez ere, diru batzearen etekin guztiak Cáritas elkartearentzat zuzentzen zirelako.

Akaso azken aspektu honek ez zuen horrenbesteko garrantzirik areto futboleko partida bizi eta, bere neurrian, ikusgarri hauxe ikustera joan zirenentzat (era paraleloan jostailu batze borondatezkoa ere proposatzen zen partida egunean, apenas arrakastarik izan zuena...), baina 7.000 pertsona inguru batu ziren orotara kantxa bilbotarrean, beraz haurtzaroaren sailean ekimenak garatzeko beste horrenbeste euro jaso dira egun bakarrean.

Esan beharrik ere ez dago, gizarte gaitzak lagunarteko partida batean bildu daitekeen dirutik oso urruti ezartzen dira, eta gobernuz kanpoko erakundeetara bideratzen den diruak munduan dauden arazoetan partxeak jartzeko baino balio ez duela uste duenik badago. Baina ez dezagun mespretxatu gizarte onuraren aldeko bultzada hau, alde batetik gizarte gaitzen gaineko oharra egiten digulako, eta denon ardura delaren iradokizuna ere bideratzen duelako. Akaso horregatik soilik merezi du halako ekimenak plazaratzea.

 

Iker Zabala

2014, Urtarrila 25
Arloa: Kirolak