Ibon Gaztañazpi - Arraunlaria

Jon Ordoñez

ber53_1.jpg

 

  • Itsaso zabalean, gazte artean, pribilegiatua sentitzen naiz
  • Orion (Gipuzkoa) jaio zen, 1977. urtean.
  • Zarautzen, Donostian, Iruñean, Ingalaterran eta Frantzian burutu ditu ikasketak.
  • Zuzenbidea eta Komunikazioa ikasi zuen, eta astelehenero Berria egunkarian arraunari buruzko zutabea idazten du.

11 urterekin hasi zen Ibon Gaztañazpi arraunean, “batek esanda, Orioren garairik txarrenean, Kortaren aurrekoa”. Oriotarra da. Hamabi urte daramatza senior mailan, eta Traineru Kluben Elkarteak (TKE) arraunari ekarri dizkion onurak ezagutu ditu.

ber53_2.jpg

 

Zer da arrauna zuretzat?

Azkenean bizitzeko modu bat da hemeretzi urtez arraunlari izatea. Nire buruari galdetuta: “Hi, bizitza honetan zer egin duk?”. Arraunean ere bai, beste gauza batzuk bai, baina arraunean pixka bat ere bai.

Eta zer eman dizu arraunak ba?

Kendu ere egiten du, baina niri arraunak beste gauza asko eman dizkit. Lagunak ezagutu, kanpora joateko aukera, elitean lehiatzeko aukera… Bizitzako eskola txarra ere ez da. Kontuekin jai dago gauzak lortzeko, eginez ateratzen dira gauzak, hori arraunak eman dit. Momentu onak asko dira. Lana bukatu eta traineruan, eguraldi ederrarekin, gazte tartean, itsaso zabalean noala, inor ez dagoela, pribilegiatua sentitzen naiz: “Hau gauza ederra duk ba!”. Sasoiari eusten ere lagundu dit, eta idazteko aukera ere bai. Berriako zutabeetan bi afizio uztartzen ditut, arrauna eta idaztea, eta hori arraunak eman dit.

Arrauneko kontuak egunkarira eramatea nolakoa da? Indar ariketa batetik, ariketa mental baterako trantsizioa?

Niri ez zait zaila egiten. Arraun egiteak pentsamendu asko eragiten dizkizu, eta horiek kanporatzea ez da niretzat ahalegina. Ordenatzea, forma ematea eta zer esan nahi dut aukeratzea lana ematen du, baina kontatzea ez zait gogorra egiten.

Arraunean ari zaretela, zertan pentsatzen duzue?

Sasoiak asko baldintzatzen ditu pentsamenduak. Sasoi txarrean bazaude, beti pentsamendu txarrak eramango dituzu. Eta ondo egonda ere, nekea etortzen denean… gauza askok baldintzatzen dituzte, eta horietako bat da estropadan daramazun postua: nahiz eta gaizki joan aurretik joateak asko laguntzen du; atzetik zoazenean, berriz, putzura bota nahi duzu zure burua. Gauzak ondo ez doazenean “nik hau utzi egingo diat” pentsatzen duzu, benetan, “ez dik pena merezi, nekea, ezintasuna…”. Eta badago momentu berezi bat, irteerakoa. Hasi eta betekada etortzen zaizunean pentsatzen duzu: “Sartu nauk ba ni hemen, ez diagu ikasten!”. Gero buelta ematen diozu hasierako horri eta gorputza ohitu egiten da.

 

Dena ez da nekea, orduan?

Adinarekin ikasi egiten da norberaren buruari tamaina hartzen. Traineruan hasi berri nintzenean pentsatzen nuen: “Nik zer egin behar diat orain hemen?”. Norberaren errendimendua optimizatu egiten da.

Sufritzen al da?

Bai, lehiaketan… Sufritzen ez baldin badakizu, alferrik da. Ondo prestatuta ere, irabazi nahi baduzu, lanen hasi eta segi egin behar da, eta hori nekosoa da, eta horrek sufrimendua eragiten du. Arraunlari ona izateko sufritzen ez badakizu jai daukazu. Beti ez da berdin sufritzen, ordea: batzuetan nekea besterik ez da, eta beste batzuetan herio madarikatua da. Beste traineru batekin pare-parean zaudenean sufritzen da gehien.

Hitz egiten al duzu zuen artean?

Hitz egin ez, gorputzak ez dizu uzten, baina animuak eta horrelakoak bai, oihuak, soinuak eta festa. Bere tamainan behar du; dena isilik badago, malo, eta gehiegi hitz egitea ere bai. Kontrakoak ere izaten dira batzuetan, batek besteari kargu hartu diolako, baina gutxitan horiek.

TKEren sorrera ezagutu duzu.Zer ekarri dio horrek arraunari?

Arrauna zegoen bezala, beharrezkoa zen. Lehenago erabat desantolatuta zegoen kirola antolatu egin du, eta hori bera ekarpen handia da: egutegia finkatu, hiru liga, egutegi bat ezarri. Kanpora begira, gainera, irudi bat saltzen saiatzen dira, eta hedabideetan gehiago dago orain arrauna, kirol moderno baten itxura landu du. Telebistarekin babesleak erakarri ditu, diru gehiago sartu da… alde horretatik bai, baina alde horietan aurrera egin duen moduan, ez du beste batzuetan egin.

Zer aldeetan adibidez?

Arraunlariek ez daukagu ahotsik. Estropada gehiago daude orain, eta denboraldia lehenago hasten da, gehiago eskatzen zaigu. Lehen, adibidez, lehen estropada serio samarra santiagoetan izaten zen, Lekeition, edo saninazioetan. Aurten ekainean hasi gara jada serio, eta puntan egon behar dugu hiru hilabetetan. Arraunlariak gehiago entrenatu eta gehiago zaindu behar gara. Dirua ere gehiago dago guretzat, baina ez naiz diruaz ari. Lehiaketa eliteko kirola da, baina arraunlariak ez gaituzte eliteko kirolariak bezala tratatzen. Guk ez daukagu erabakitzeko ahalmenik, ez gaituzte aintzakotzat hartzen, dena eginda ekartzen digute. Horretan orain dela 100 urte bezala gaude. Aurreko asteburuan adibidez [ekainak 29] Zaragozan aldagelarik ere ez genuen. Guk barre egiten dugu, eta pixa parrastaka bat egin behar badugu, kalean egiten dugu eta kito. Baina adierazgarria da. ber53_3.jpg

 

Zuek ez zarete profesionalak.

Ez, lana egiten dugu arraunaz aparte. Eta Galiziara joan behar dugunean, erreleboetara ari direnak jai eskatu behar dute. Gizarte Asegurantzarik ere ez daukagu, eta bidaian norbaiti zerbait gertatzen bazaio zer da, laneko baja? Lanetik kanpora gertatutako zerbait? Eta autonomoak? Alde horretatik oso atzera gaude pilotariekin edo futbolariekin konparatuta. Federazioaren asegurua besterik ez daukagu, diskoko hernietatik ere babesten ez zaituena. TKErekin onera egin du arraunak, baina desoreka hori ikusten dut. Arraunlariek zerbait egin beharko genuke.

Udan lehiatu arren, urte osoan entrenatzen zarete?

Aurtengo denboraldia azaroan hasi genuen, aurrekoa bukatu eta sei astetara. Astean lautan edo bostetan entrenatzen dugu, baina hamaika hilabete dira. Azaroa eta abendua lasaienak dira, gero neguan lana egin behar da eta parrandarik egiten ez baduzu, hobeto. Apirilean, maiatzean eta ekainean ez dago besterik.

Eta nola hasi duzu hemeretzigarren denboraldia?

Ilusioarekin. Zailena hori izaten da, urtero gogoa piztea. Kirolari bat neurtzeko ibilbide osoa hartu behar duzu aintzat, ez une zehatz bat, zailean urtero denboraldiaren hasieran erronka hori aurkitzea baita. Hori berritu egin behar da.

Eta zuk zerri heltzen diozu ilusio hori berpizteko?

Nik uste oriotar izatearen sentimenduak pisua duela oraindik. Orion arraunlaria bazara horretara eramaten zaituzte. Beno, hori eta hogei urtez zerbait egin ondoren, uztea zaila dela. Lagunartea ere hor dago. Baita diru pixka bat ere bai orain, eta laguntzen du. Kirola egitea ere gustatzen zait niri. Eta inportanteena lehiatzeko gogoa da: “Nik aurten ere bazeukaat oraindik zerbait esateko”. Horrek motibatzen nau, irabazteko grinak baino gehiago. Gauza guzti horiei heltzen diet.

Jon Ordoñez

2008, Uztaila 01
Arloa: Berba Bi