Zelan egiten dute?
Aupa denoi!!
Zelan gaurko giroan? Gu betiko moduan martxan, edo martxa hartu gurean. Eutsi ba!! Garai hobeak etorriko dira eta.
Gazteekin eta ez hain gazteekin batzen naizenean, konfiantza puntua lortu izan dugunean eta gure buruaren galderak mingainean jartzeko lotsarik ez dugunean sarri agertzen den galdera bat hauxe da : “Zelan egiten dute homosexualek?”.Barreak, harridura aurpegiak eta denetariko gorabehera emozionalak sortzen ditu zalantza honek , beraz beti ere oso aberasgarria.
Hori dela eta gaia hobeto ulertzeko eta nire erantzun zuzenari garrantzia kentzeko pista batzuk helarazi gura dizkizuet. Nire uste apalean beti ongi etorriak bada ezpada ere!
Homosexualitatea eta heterosexualitatea, neska eta mutila izatearen moduan, continuum batean daude. Hau da, denok kokatzen dugu gure burua continuum horretan, beraz gure baitan denetarikoa gara.
Gure identitateak esango digu zer garen, neska ala mutila. Gure barneko desioak esango digu nor, nortzuk ditugun gustukoak..neskak, mutilak, biak …
Bizitzan zehar zelan kudeatzen ditugun izate hauek, zelan adierazten ditugun, zelan sentiarazten gaituzten, zelako eragina daukaten gure bizitzan … oso aldakorra izan daitezke. Gure familia, lagunak, eskolak, izaera, auzoa, gizartea …., hainbat aldagaiekin oso lotuta egongo da. Badakigu denok ere, gizarte batean izate eta modu batzuk onargarriagoak direla beste batzuk baino. Baina gehienok 7 urte daukagunerako badakigu zer garen, zelan sentitzen garen eta hasi gara sentitzen nortzuk daukagun gustuko, nerabezaroan bueltan ageriagoan geratzen bada ere.
Beste kontu bat izango da zer nolako jokaerak dauzkagun. Hau da, harremanetan jartzen garenean zer egiten dugun, edo gure neska/mutilarekin gaudenean zelan bideratzen ditugun gustukoak ditugun jokabideak, zelako fantasiak dauzkagun ...
Kasu horietan bakoitzak begiratu beharko du zer nahi duen. Berdin da alboan daukaguna mutila edota neska den. Ez daude jokabide edo akzio batzuk neskontzako eta beste batzuk mutilentzako. Ez daude neska bi badira edo mutil bi badira egin beharreko gauzak.
Gure gurarien arabera izango da ibilbide erotikoa, eta zelan ez gure lagunarekin adostu dugunaren araberakoa!!
Zuk zeuk erabaki, zuok: musukatu, laztandu, xurrupatu, sarketak leku desberdinetan, bata bestearen gorputza miazkatu, besarkatu, masajeak elkarri eman …
Gure gorputzen arteko desberdintasunak eta antzekotasunak gure desioei bidea emateko prest daude, gorputzek, sexuak, norekin gauden … ez du oztopatuko zelan egin biok nahi duguna. Gainera egun hainbat baliabide daude gure bideak egiteko.
Gure irudimenak, konfiantzak, zirrarak... lagunduko digute gure nahiak betetzen.
Besarkada handi bana.