Beragaz lotu zara
Aupa denoi!
Zelan zabiltzate? Gabonetako gora beherak paseta hobeto? Edo eskolako burukominekin bueltaka? EUTSI BA!
Gaurkoan zuotariko batzuei laguntzeko nahiak ekarritako burutazioarekin natorkizue.
Datorren asteburuan zure kuttuneko horrekin geratu zara … Aspaldian gogotsu zaude berarekin batzeko, azkenekoetan koadrilakoekin egon zarete eta. Egia esateko askoz ere errazagoa izan da zuretzako, lagunen babesa estimatzen duzu, eurek lagundu zaituzte zure bihotzekoarenganako zubi lanak egiten eta. Baina hori horrela bada be, berarekin egoteko grina gero eta handiagoa da, eta zuok baino ez egotea grina baino barreneko beharra be sentitzen duzu. Eta lortu duzu, zorionak!!! Zapatuan geratu zara, bera eta zeu, zeu eta bera, biok baino ez.
Desioa betetzearekin batera urduritasuna , lotsa, beldurra … agertu zaizkizu.
Bihotzaren taupadak areagotu dira, sabela txikitu zaizu eta jateko gogoa be baretu zaizu; bera ikusten duzunean berbak agortzen zaizkizu, eta arineketan joateko gogoa daukazu, burua lehertzear daukazu berarekin edukiko dituzun elkarrizketak eraikitzen, lasaitzen zarenean eta berarekin goxotasunez amesten duzunean zirrara plazer-garriak zure gorputza zeharkatzen du oinetatik, bulkada itzela genitaletan sentituz eta burua berotu arte.
Arnasa har ezazu eta bidaia zoragarri honetaz gozatu!
Egia da lehen aldia gure gustuko pertsona horrekin batzen garenean zuri gertatzen zaizun guzti hori gertatzea ez dela bat ere harrigarria , pentsa seguru asko bera be horrela egongo dela. Beraz biok be egoera berberean sartuta, ezta?
Heltzen den egunean gero eta urduriago jarriko zara, zure gorputz osoa bor-bor egongo da, irribarrea gero eta zabalagoa izango da eta segur asko berarekin elkartzen zarenean ez duzu jakingo zer esan, edo ahora etortzen zaizkizun esaldi guztiak tontakeriak irudituko zaizkizu … berari gauza bera … baina bere berbak entzuterakoan bere gozotasuna baino ez duzu entzungo eta berak zeureak be.
Denbora emaiozu zure gorputzari baretzeko, zure mingainari soltetako, zure bihotzari berba egiteko, zure eskuei bera laztantzeko, zure begiek bere begietan galtzeko …
Ez dago modu on edo egoki bat harreman bat bideratzeko, bakoitzak gure barruan bilatu behar dugu gure musika zein den jakiteko.Badakit tontakeri bat dirudiela baina hortxe dago gakoa.
Hau da, berarekin zaudenean zure barneko berbei, sentsazioei, emozioei … kasu eginez gura duzun hurbiltasuna lortuko duzu.
Berari eskua eman gura badiozu, ez sartu zure eskua poltsikoan(urduritasunez jota apur bat bustita badago be), eta beren eskutik gertu ipini.
Hitzak ez bazaizkizu eztarritik irten, esaiozu zer gertatzen zaizun … berarentzako be lasaigarria izango da.
Astion izandako etxeko lanei buruz baino ezin baduzu berba egin, izan daitezela etxeko lanak aztergai eta esaiozu zer gertatzen zaizun.
Bere alboan egon gura baduzu ez aldendu berarengandik, elkartu zaitez.
Zer edo zer galdetu gura badiozu aurrera!, ez utzi gerorako.
Bera berbetan dagoela ezin badiozu dena ulertu esaiozu errepikatzeko zure egonezinak ez dizula laguntzen.
Ezer ez zaizu eroso egingo eta alde berean gozatzen egongo zara.
Beharbada ez da izango itzela baina zuretzako nahikoa izango da.
Etxera bueltan beti pentsatuko duzu hobeto egin zenukeela baina ahal izan duzuna izan da eta hori bai izan dela zoragarria.
ANIMO ETA GOZATU!!
Besarkada handi bana,
agurtzane