Jokoa eta azpijokoa

Iker Zabala

Kirolaren baloreak, hobeto edo txarrago, denok ezagutzen ditugu. Etengabe gorputzak bere baitan duen muga zeharkatzea, aurkariak eskaintzen duen erresistentzia gainditzeko muturrerainoko esfortzua, eta, xedeak lortzen ez direnean, barne sua irentsi eta irabazleari bostekoa luzatzea. Jakina, hauxe teoria baino ez da, izan ere, kirola ogibide duen milaka pertsona dago munduan, eta auzi ekonomikoa tarteko dagoenean balore denak aldrebestu egiten dira. Horrela, hainbat disziplinaren gaineko itzalak plazaratu izan dira betidanik, diru iturri oparoa izan baitaiteke kirola, beti ere aurreikusi ezin daitekeenaren inguruan modu ez legezkoan eragiten bada.

Gillermo Olaso tenislari getxoztarra euskal tenisaren ordezkari izan da azken urteotan. Ez da apenas tenislari euskaldunik izan goi txapelketen testuinguru hortan Alberto Berasategik bere lorpen nabarmenenak erdietsi zituenetik (Roland Garros-eko finalera iritsi zen 1994an), eta horrela, espektazioz behatu izan dira euskal tenisak plazaratzen zituen esperantza izpi horiek, Iñigo Cervantes irundarra edo Olaso bera bezalaxe. Munduan barrena lehiaturiko txapelketetan izena lantzen aritu izan da bizkaitarra azken urteetan, noizbait Grand Slam-etako sailkapen faseetan ere egon izan da, eta 2011an bere ranking onena erdietsi zuen, 167. postuan sailkatuz.

 

Abendu hontan halere, bere ibilbideko kolperik latzena jaso du, eta ez da etorri, kirolarietan gertatu ohi den gisan, lesioaren zapore garratzarekin, inhabilitazioa izan baita ezarri zaiona, bost urtetakoa hain zuzen ere. Gertaturikoa ulertzeko Kazajistanera joan gaitezen, 2010ean. Bertan, Astanako txapelketan, eskaintza egin zitzaion Olasori Daniil Braun-ekin izan behar zuen lehen txandako partidan gal zezan. Eroskeria proposatzearen arduraduna Europako ekialdeko mafia bat litzateke, on line bideraturiko apustu bitartez dirua biderkatzeko asmotan zenbaitetan identifikatu dena. Teniseko elitetik kanporako jokalariek zailtasun ugari dute bere jarduna gauzatzeko, izan ere, sariak murriztu egin dira azken urteotan, eta munduan barrena lehiaketetan ibiltzearen kostua, beti ere tenislariaren kontura, oso altua da. Horrela, aipaturiko mafia hauek eskaintzen duten azpijokoaren ordainsaria hartzea tentagarria izan daitekeela frogatu izan da hainbat kasutan.

Kontuak kontu, Olasok dirua onartu izanaren inguruko zeinurik ez dago, baina Tenisaren Osotasuna bermatzen duen sailak eskaintza salatu ez izana leporatzen dio euskaldunari, eta horrela, 5 urtetako zigorra ezarri dio. Oraindik ere errekurtsoak ebatziko duenaren zain badago ere, tenislariaren ibilbidea bere hortan gera daitekeenaren arriskuak ezabaezina ematen du.

Olaso errudun den edo ez epaitzea auzitegiei dagokien arren, argia ematen du kirolaren inguruan ezartzen diren itzaleko pertsonaiak ez direla inolaz ere onuragarriak. Internet bitartezko apustuetan geroz eta diru gehiago mugitzeak arriskua inplikatzen ote du kirol munduarentzat?

Iker Zabala

2014, Urtarrila 25
Arloa: Kirolak