Gogoaren indarra
Ilusioa edo sukarra, itxaropena edo beharra. Athletic Espainiako Kopako finalerdietara iritsi da, eta joaneko partidan, Sevillan, 2-1 galdu zuen arren, ilusioan irabazle da oraingoz. "Gogoaren indarra", dio klub zuri-gorriaren ereserkiak, eta garbi dago gogo horrek kendu baino gehiago eman diola oraingoz. Itzuliko partida jokatzeko dago oraindik, eta Athleticek ez dago hainbeste desiratzen duen finalean; baina zer izango litzateke klub honetaz horrelakoak desiratzean handituko ez balitz?
Athleticek azken aldiz 1984. urtean irabazi zuen txapelketa bat; hobeto esanda, bi irabazi zituen: Espainiako Liga eta Espainiako Kopa. Harrezkero, ordea, ez du bere palmaresa handitu. 1985. urtean Kopako finalera iritsi zen, baina txapeldunorde izan zen Atletico Madrilen aurka finalean galdu ondoren. Guzti horrek gauza bat esan nahi du; gaur egun 30 urtetik behera dituzten zaleek ez dute Athletic txapeldun ezagutzen.
Gabarra: Ala, ibai-untzia, normalean merkantziak garraiatzeko erabiltzen dena, dioHarluxet Hiztegi Entziklopedikoak. Athletic-zaleentzat hori baino gehiago da, ordea. Titulu bat irabazten dutenean jokalari zuri-gorriek garaipena ospatzeko Ibaizabalen zaleak agurtzeko erabiltzen duten ontzia da, alegia, alaitasuna. Nork ez du gabarra jendez beteta dagoen argazkia ikusi, ontzi pila bat atzetik dituela, eta Ibaizabalen ertzak gainezka? Lehen esan bezala, ordea, 30 urtetik beherakoentzat argazki bat baino ez da hori, ez oroitzapen bat.
Finala, txapelketa baten azken eskailera, tituluaren ataria. Euskal Herriko gizonezkoen futbolak aspaldi utzi zion tituluak jasotzeari, baina Athleticek 1985ean azken aldiz jokatu zuenetik, Hego Euskal Herriko beste hiriburuetako futbol taldeek jokatu duten partida da. Realak 1987. urtean irabazi zuen, Atletico Madrili penaltietan 4-2 irabazi ondoren. Hurrengo urtean ere jokatu zuen baina orduko horretan galdu egin zuen Bartzelonaren aurka 1-0.
Osasunak duela ez hainbeste urte jokatu zuen final hori, 2005eko ekainaren 11n. Gorriek Betisen aurka jokatu zuten final hori, eta 2-1 galdu zuten, luzapenean. Baina azken urteetan euskal futbol talde batek final gogoangarri bat jokatu badu, Alaves izan da. Talde apal batek final bat jokatzea handia egiten du, baina final hori UEFA txapelketakoa bada, ezin handiagoa egiten du. Alavesek 2001. urtean jokatu zuen Europako kluben arteko txapelketako finala, Liverpoolen aurka. Merezimendu osoz iritsi zen, gainera, aurretik Gaziantepspor, Lilleström, Rosenborg, Inter, Rayo Vallecano eta Kaiserslautern kanporatu ondoren.
Finala Dormunden jokatu zen, 2001eko maiatzaren 16ean. Erasoko futbola izan zen nagusi, eta ingelesak 2-0 aurreratu ziren markagailuan. Jose Manuel EsnalMane entrenatzaileak, ordea, aldaketak egin eta 2-1 gerturatu zen. Ingelesek hirugarrena sartu zutenean titulua eskuetan zutela uste zuten, baina azken minutuetan Javi Morenok sartutako bi golek finala berdindu zuten. Arauzko denbora launako emaitzarekin amaitu zen, eta luzapenean Liverpoolek irabazi zuen.
Martxoaren 4ean beste final baterako txartela lor dezake Athleticek. Horretarako, ordea, 2-1eko emaitzari eman beharko dio buelta. Egiten badu, final batean izango da berriro, lau urte geroago, gizonezkoen euskal futbol talde bat. Gabarra berriro Ibaizabalen ikusteko aukera izateko, ezinbestekoa izango du Athleticek irabaztea.