Aitor Sarriegi Gipuzkoako txapelduna
Aitor Sarriegi Beasaindarrak jantzi zuen txapela pasa den domekan Beñat Gaztelumendirekin buruz-buruko estu bat jokatu ostean.
Bederatzi mila ikuslen aurrean agertu ziran Gipuzkoako finalistak jende artetik. Iñaki Apalategi, Unai Agirre, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Agin Rezola, Jon Martin, Beñat Gaztelumendi eta Jexux Mari Irazu. Arratsalde osoan ondo ibili ziren bertsolariak baina atal bat nabarmentzekotan buruz-burukoa aipatu behar da. Hor hasi zen giroa berotzen eta bertsoak txalotzen.
Puntuatu beharreko hamaika bertso kantatu zituzten bi bertsolariak. Hamarreko txikian hasi zuten lehia. Gaztetan Ameriketara joanak ziren biak, eta erretiroan Euskal Herrira bueltatu izanak ez zion graziarik egiten Gaztelumendiri. «Artzai izan asmotan joan ginen haraino/ ta hemen ez gera bi ardi galdu baino» amaitu zuen bere bertsoaldia.
Kartzelako lanean Sarriegik dotore osatu zuen musua hitzaren inguruan bederatziko txikian. Hona hemen amaiera: «Hautatzea bana/ balitz gaurko lana/ atzo gauean amak eman zidana».
Bakarka hiru bertso botatzeko gaiak izan zuen berrkunztarik. Irudian pertsona bat ageri zen, etxeko eskilarak igo, etxean sartu, sofan eseri eta ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabakia izan zuten gaia. Gaztelumendiren bigarren bertsoa hemen:
«Berrogeita hamar urtez luzaro borrokatuak/ emaitza eman duela zirenez konturatuak/ zenbat medio ote dira gugana bertaratuak/ garrantzia hartu dute uneak eta lekuak/ batzuk dira terrorista moduan izendatuak/ edo komisarietan odolez zerrendatuak/ gauez etortzen zaizkigu maiz zakur amorratuak/ alde guztietan daude jarduera armatuak».
Amaierako puntuazioa
1. Aitor Sarriegi 1051 puntu
2. Beñat Gaztelumendi 1045,5 puntu
3. Alaia Martin 594 puntu
4. Iñaki Apalategi 590 puntu
5. Agin Rezola 588,5
6. J.M. Irazu 578 puntu
7. Jon Martin 577,5 puntu
8. Unai Agirre 572 puntu