Gure hankatartekoak

Agurtzane Ormatza Imatz

jo05_1.jpg

Aupa, denoi. Beharbada zurtz eginda geratu zarete izenburuarekin. Baina tira, ez nekienez zer ipiniā€¦ ba hor doakizue. Horrelako izenburuarekin ez dago galtzerik ezta? Neska gehienek ez diete euren genitalei garrantzi handirik ematen. Hobeto esanda askok ihes egiten diote genitalei buruz berba egiteari. Nesken anatomiak ez du lagundu, eta are gutxiago Gizarteak eta Hezkuntzak, nesken gorputzen ezagutza zabaltzen eta sakontzen. Neska askok zuon gorputza begiratzen duzuenean, biluzik eta ispiluan, burutazio eta sentsazio oso desberdinak edukitzen dituzue. Lotsa izaten da, horietako bat, batzuetan ez zaizuelako gustatzen ikusten duzuena edo besteetan "zeozer arraro xamarra kilikiliak agian''- sentitzen duzuelako ispiluan begiratzean. Batzuentzako sentsazio deserosoak Sarritan neskek genitalekin daukazuen harremana nahiko higienikoa izaten da. Neska batzuei ez zaizue bururatzen alua arretaz begiratzea, kasu hauetan lotsa, beldurra, nazka, informazio falta eta jakin min falta batzen dira. Eta alua arretaz begiratzea bururatzen bazaizue, seguruenik, ez diozue zure lagunari ere ez kontatuko. Sarri koadrilaren eta besteen presioa handia da eta. Interesgarria izaten da konturatzea bestelako atal bati begiratzea gomendatzen zaizuenean ez daukazuela arazo handirik, baina alua izaten denean begiratu behar duzuena kontua zeharo aldatzen da. Ezta?


jo05_2.jpg

Zuon gorputza aztertzera animatu nahi zaituztet, behintzat, hanka tartean zer daukazuen jakiteko, eta natur zientzietako klaseetan eta liburuetan ikusten duzuena zuenganatzeko, zuona baita. Alua gure gorputzeko lore bat da, petaloz osaturiko lorea, arrosa freskoa eta gorria, gure egoeraren arabera gorritasun intentsitatea, lore-hostoen lodiera eta baginaren umeltasuna . aldatzen duena. Kanpotik begiratzen baduzue alua, ikusten duzuen guztia Venus Mendiko edo pubiseko ilea baino ez da, batzuk beltzaranak, besteak ilegorriak, ilehoriak... Eta horretan geratzen bazarete galdu egingo duzue arrosaren usaina eta mamia. Zuon burua hanka tarteraino jaisten baduzue ikusiko duzuena, eta beti ere ez, zuon ezpain txikiak edo ninfak izango dira. Batzuek ezpain handiak baino handiagoak edukiko dituzue eta gainera kanporantz irtengo zaizkizue, eta besteei, txikiak izango dira eta, ezpain handietatik ez zaizkizue asko nabarmenduko. Baina, liburuetan agertzen dena gura baduzue jakin zertan datzan eta horren misteriotsua iruditzen zaizuena BEGIRATU lasai. Biluztu, jesarri leku eroso baten, hankak ireki eta ispilu txikitxo bat hartu ezazue. Esku batekin ispilua zure aluaren aurrean ipini, eta bestearekin arrosaren petaloak banandu eta ispiluan ikusiko duzu arrosaren barruan zer dagoen. Ezpainek gure klitoria, gernu zuloa eta bagina zuloa babesten dituzte. Ezpain handiak gora eta atzera eramaten badituzu erraz ikusiko dituzu zure ezpain txikiak edo ninfak, gorriak. umelak. Ezpain txikiak atzerantz eramaten badituzu agerian geratuko zaizu klitoria. Klitoria borobil txiki gorria da. Botoi bat ematen du, nesken plazerraren atea deitzen diote. Nire ustez. plazerraren atea belarrien artean dago hanka tartean baino gehiago, baina tira. Ninfak irekitzen badituzu gernu zuloa ikusiko duzu, neskok hortik egiten dugu txisa eta beherago bagina zuloa dago. Hortik hilekoa jaisten zaizu. Erditzerakoan, zesarea ez bada egiten umea hortik etortzen da, hortik sartzen dira tanpoiak edo hatzamarra, zakila... zuok gura izan ez gero. Hatzamar bat sartuz gero bagina barruan nabarituko duzu zelakoa den baginaren umeltasuna eta zelan barruko muskuluek hatzamarra hartzen duten. Bagina muskuluz osaturik dago eta sartzen denaren tamaina hartzen du. Baginak PH berezi bat dauka infekzioetatik babesteko. Zelan bidaia? Bakoitzak har dezala bere denbora. Ez arduratu, bakoitzak jakingo du bere alua. Noiz eta zelan ikusi nahi duen.

jo05_3.jpg

Eta mutilak zelan zabiltzate zuon genitalen bidaian? Nesken kasuan lez, gaur egun mutilen artean ere badaude edertasun estereotipoak eta askotan ispiluan zuon gorputz biluziari begiratzen diozuenean hainbat sentsazio edukitzen dituzue, batzuk gainera ez zarete bat ere eroso sentitzen. Presioak sexu bien gainean gero eta gogorragoak baitira . Hala ere, zuok txikitatik ikusi ahal izan duzue, anatomiaren ezinbesteko laguntzarekin, zuon genitalak zertan diren. Gizarteak eta Hezkuntzak beste guztia egin dute: batzuei laguntza eman -mutilei- eta bestei -neskei- ez. Zuon zakila eta barrabilak kanpoan daude eta euren aldaketa fisiologikoaz berehala jabetu zarete oso nabarmenak dira eta. Are gehiago, askok denborarekin ikasi duzue aldaketa batzuk eragiten, sikiera zuon esku daudenak. Gehienetan ez daukazue inolako arazorik zuon genitalekin eta behin baino gehiagotan eureri adi egoten zarete. Beharbada ardura bakarra, eta hau ez da zuon belaunaldikoa, atzetik etorritakoa baino, zuon zakilaren eta barrabilen tamaina, forma eta kolorea izaten da. Askotan entzun duzuelako horiek plazerrarekin zerikusi handia daukatela . Aurrera jarraitu baino lehenago esan behar dizuet aldagai horiek ez daukatela plazerrarekin inolako loturarik, plazerra belarrien artean ematen delako eta ez hanka tartean, hau da burmuinean eta ez genitaletan. Dana dala gauza pare bat gura dizuet kontatu zuon genitalak direla eta. Mutil guztiak jaiotzen zarete glandea estaltzen duen zakil azalarekin. Gure herriko mutil gehienei ez diete mozten prepuzioa, arazorik ez badaukate, behintzat. Arazo horri fimosia deitzen diote, hau da prepuzioaren zuloaren estutasunak uzten ez duenean glandearen irteera. Arazoren bat daukazuen ala ez jakiteko ariketatxo hau egitea komeni zaizue: Hartu ezazue prepuzioa zakila erekzio barik daukazuenean -ez dagoenean tente- eta azala eraman egizue atzeraino. Ez baduzue minik hartzen dena ondo dago. Gero, zakila tente dagoenean, har ezazue azala eta atzerantz eraman glandea edo zakil burua agerian geratu arte . Ez baduzue minik hartzen dena ondo dago . Eta min sentitzen baduzue, ez dago arazo handirik, zuon gurasoei komentatu eta seguruenik medikuak konponduko du. Zuon zakilari ez zaio ezertxo ere pasatuko. Ebakuntza egin behar badizute zure zakilaren itxura aldatu egingo da, glandea agerian geratuko zaizu. Baina zure zakilaren funtzio guztiak mantenduko dira, are gehiago, zure zakila garbitzea errazagoa izango zaizu. Nondik zatozten ezagutzeak, eta zuon gorputzak onartzen dituzuen ala ez, eta zelan onartzen dituzuen ulertzeak, elkar hobeto ulertzen lagunduko dizue.

jo05_3.jpg

Agurtzane Ormatza Imatz

2004, Martxoa 01
Arloa: Jo ta jo