Ligetako Prest?

Agurtzane Ormatza Imatz

jot06_1.jpg

Aupa, denoi: Zelan zabiltzate? Azken alean aipatu genuen gorputz azterketan norbait aritu al da? Batzuk seguruenik bai eta, beste batzuk ez. Baina ez arduratu bakoitzak bere sasoia edukiko du eta, horretarako lasai hartu behar dugu, presarik ez dago eta. Gaurko bidaian gure gorputzetik aterako gara besteen gorputzetara hurbiltzeko. Bueno, hori egiteko ere gure gorputzarekin joan behar dugu, ezinbestekoa izaten baita topaketa horretan. Batzutan gorputzak lagunduko gaitu eta beste askotan ez, baina ez gorputza bera gure buruak dioena gure gorputzari buruz baino. Iritzi horiek gure bidaia lagundu edo oztopatuko dute. Ikastola batetik bestera, edo ikastetxe batetik bestera nabilenean ligei buruzko galdera asko egiten dizkidazue, ez du axola zein adinekoak diren galdera egiten dutenak bakoitzak bere momentua baitauka. Galderak honelakoak izaten dira. Zelan ligatu behar dut?, Ni ez naz oso guapue eta antza inor ez da fijetan nigaz zer egin lekidot?, Nire koadrilako neska guztiak ligetan dabe nik izan ezik, mutilak nigana lagun modure datoz, zer egin?, Zelan esan al diot Mikeli berataz maiteminduta nagoela?, Zelan lortu Saioa nirekin ateratzea? Erantzunak ez dira errazak, nik, behintzat, ez daukat errezetarik eta. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta historia bakoitzak bere bidea du. Dena dela, gaia aztertzen saiatuko naiz eta batez ere, zuok eskatutakoari erantzuten. Ia lortzen dudan! Beste batengana hurbiltzen garenean edo norbait gustukoa daukagunean, izugarrizko indarra sortzen da gure baitan, bereganako desioa areagotu egiten da eta, handitzen doan neurrian gure beldurrak be handitu egiten dira. Hau da, Berak ezetz esaten badit, zer?? Eta baietz esaten badit zein da hurrengoa pausua? Gure beldurrak aurrera egitea oztopatzen ditu. Bestearen onarpena hain da inportantea… Erantzun ezkor bat jasotzeko beldurrak, sarri askotan ezer ez egitea dakar. “Ez dodanez ezer egiten ez dot ezer lortuko, baina behintzat ez dot nire burua kolokan jartzen...” Beraz, norberak landu beharko dituen lehenengo pausuak honek dira: - Ni gai naiz beste pertsona bat erakartzeko. Egia da! Ez duzu gehiegi sinesten, ezta? Baina beste batentzako edonor da gustukoa, askotan jakin ez arren. - Bera nire gustukoa bada ere, ni ez naiz bere gustukoa izan behar. Zuri ere, beste asko ez zaizkizu gustatzen eta! - Gogorra izan arren, norbaitek ezetza ematen badizu, horrek ez du esan nahi inolako baliorik ez duzunik. Bakarrik esan nahi du momentu horretan zu ez zarela bere bihotzeko kuttuna. - Animo! Ezetzak jasoko ditugu hainbatetan. Inportanteena gure buruarengan konfiantza ez galtzea da. Zaila e? - Beste hori ere, Imanol edo Bego, beharbada ez da ausartzen, baina seguru zu hurbildu ezkero zurekin egoteko prest egongo dela. Ikasturtea pasatuko da, bata bestearen atzetik, eta noiz arte egongo zara ezer egin barik?


jot06_2.jpg

Beraz, maitatu zure burua eta zure gorputza. Esatea erraza da, eta egitea zaila baino zailagoa. Helduoi kostatzen zaigu gure buruarekin eta gure gorputzarekin gustura egotea, urteak pasatzen diren arren ez dugu lortzen gustura egotea. Beraz, nola ez zaizue zuei gazteoi kostatuko, zuenak gorputz estreina berriak dira eta. Baina, tira, zuok daukazuen indarra seguruenik asko lagunduko dizuela. Hurrengo pausuak: - Zure bihotzeko kuttunak beharbada ez daki zu “existitzen” zarenik ere, hor zaudela jakinarazi beharko diozu zu. Ezinbestekoa da berak zu nor zaren jakitea, zurekin zerbait edukitzeko. Badakit batzuk mila eta bi komeri egiten dituztela, baina etekinik barik. Adibidez: “Bera hurbiletik pasetan bada, koadrilakoekin barrezka hasi edo tontakeriak egiten hasten naiz”. Horrela bai ohartuko dela zutaz, baina beharbada ez du zuk nahi duzun hori pentsatuko. Beste batzuk gustuko duten pertsona horren atzetik joaten dira, eta “kasualitatez” topo egin dute berarekin. Edo aurkezpena egiteko lagunen bat lortzen dut. Mila modu helburu bera lortzeko. Biok elkar ezagutu ostean, zelan elkartu. - Beti erabili den teknika lagunen bitartekaritza izan da. Hau da, “Niri Urtzi gustatzen bazait, eta berarengana joaten ausartzen ez banaiz, lehenengo lagunen bitartez enteratzen naiz dauden aukeretaz. Ondoren, bere eta nire lagunen bidez mezuak bidaliko dizkiot, aurrez aurre egin beharrean”. Hau askotan erabiltzen da. Ezagutzen al duzue modu horretan elkartu den norbait? Seguru baietz. - Beste teknika bat izaten da, droga edo alkoholaz baliatzea normal egongo bagina esango ez genukeen hori esateko. - Eta gaur egun oso modan dauden beste teknika batzuk: eskuko telefonoaren edo segapotoaren bitartez besteari mezuak idaztea edo interneten txaten bidez topo egin.

jot06_3.jpg

Lau aukerek agerian uzten dute gehienenontzat zein zaila izaten den ezetzari aurre egitea, gurago izaten dugu aurpegia ez ematea eta besteak ni minduta ez ikustea. Askotan entzun dut norbaitek ezetza jasotzean besteari “broma izan da ” erantzutea, barrezka erantzun ere. Beharbada, batzuetan broma izango zen, baina askotan erantzun hori minak eragindakoa da. Norberarentzat jasangarriagoa da besteak broma izan dela pentsatzea, bera gustukoa duela pentsatzea baino. Kuriosoa da, baina, labur bilduta hauek dira gehienetan erabiltzen diren “teknikak”, batzutan ondorio onak eta besteetan ez hain onak dakartzatenak, ezta? Baina, nire lanean zuekin ikusten dudanez, gehienek nahiko zenutela beste hori zugana hurbiltzea eta, zuzenean “Gustukoa zaitut” esatea, zuk bere gustuka ez izan arren , beste baten kuttuna izatea polita da eta. Gehienok ez duzu nahi pertsona hori zuongana “erdi desfasata” dagoenean hurbiltzea, egoera normalean hurbilduko ez zela edo agian beste edonorekin elkartuko zela pentsatzen duzuelako. Gehienok mezuak oso pozik jasotzen dituzuen arren, nahiago duzue zuen belarrietan entzutea. Gehienok nahiago duzue bestea benetan den bezala azaltzea. Gehienok nahiago duzue maskara bako norbait. Eta hau bai dela teknika ederra, zaren modukoa izan zaitez, hori zure berezitasuna baita, inork ezingo du zuk egiten duzuna egin ,edota ematen duzuna eman bakarra zarelako. Baina maskara ipintzea hain erreza da... Animo! Kendu ezazu maskara eta, beldurrez beteta bazagoz ere, hurbildu zaitez berarengana, beharbada, baietza jasoko duzu eta, ezetza bada, lasai seguruenik norbait egongo da beste izkina batean zure zain.

jot06_3.jpg

Agurtzane Ormatza Imatz

2004, Apirila 01
Arloa: Jo ta jo