LEHENENGO ALDIA??
Aupa danoi: Zelan? Berriro hemen beste hilabete batean zuokin, benetan zita polita daukaguna. Imajinetan dut jadanik oporretatik bueltan egongo zaretela ezta? Batzuk Euskal Herritik, beste batzuk euren gurasoen herrietara joanda, eta besteek batek daki nondik ibili zareten. Segur aski denek gozatzen handik eta hemendik, ikastolara ez zegoelako zertan joan behar.” Gaur aspalditik eskatutako gai bati helduko diot. Ikastetxetik ikastetxeetara joaten naizenean ia talde guztietan agertzen den gai bat da, maila ezberdinetan sakonera ezberdinarekin, baina hortxe dago. Gainera, uste dut bat baino gehiago orritxo honetan sartzen denean gai honen zain dagoela. Eta zertarako atzeratu gehiago? Hain misteriotsua ere ez da eta. Bai "lehenengo aldia " Badakit gutxi gora behera denok zer edo zer daukazuela buruan bueltaka, baina gure bizitzan lehenengo aldi asko egon dira eta oraindik be egongo dira beraz… Zeren lehenengo aldia? Gure lehenengo aldia bizikletan ibili ginenean, gure lehenengo trastada, gure lehenengo musua, gure lehenengo zakila ukitu genuenean, gure lehenengo nobioa, gure lehenengo haserrea gure bihotzeko lagunarekin, gure lehengo maitasun mina...
Eta... noren lehenengo aldia? Mutil baten lehenengo aldia beste mutil batekin enrroilatzen denean? Neska batek lehenengo aldia musukatzen duenean? Ez, ezta? Denoi nahitaez burura etorri zaiguna, zer da? Ba bai horixe... Lehenengo aldia mutil baten zakila neska baten baginan sartu izan denean. Horixe da hemen, Euskal Herrian, burura etortzen zaiguna, denok jakin arren gure bizitzan horren inportanteak diren beste lehenengo aldi asko be badaudela edota egongo direla, eta baita jakin arren, asko eta askoren lehen aldi erotikoak ez direla izan edo izango heterosexualak. Baina antza denez titulua daraman bakarra horixe da: “heterosexual gazteen lehen txortaldia”. Dena dela, uste dut lehenengoan ikusten duzuenean zuon burua horrelako egoera erotiko batean berdin dela zelako sexua daukan aurrean daukazunak. Behin hor egon... berdin da. Beharbada, zaielena da momentu horretara heldu baino lehen dauzkazuen ideiei, burutazioei, jarrerei, emozioei, sentimenduei ... aurre egitea Horiek bai lagunduko edo oztopatuko dizuetela zuok nahi duzuen bidea jorratzea. Orokorrean lehen aldi guztiak, gure sexualitateari dagozkionak batez be, beldurraz, lotsaz, segurtasun ezaz, ilusioz, espektatibaz, larritasunaz, pozaz… eta gehienetan informazio korapilotsuaz, josita daude. Urteetan zuokin lan eginda ikusi izan dut zelan “lehenengo aldiaren” asuntoak burukomin asko ematen dizuela. Antza denez, zuon gurasoen mitoak ez dira ezabatu eta beste batzuk agertzen hasiak dira. Hona hemen horretariko buruhauste batzuk, askorentzako beharbada oso ezagunak: - “Mina hartuko dut? Odola botako dut?”, “Baginan sartuko al da?”, Baginak zakila harrapatuko du?” - “Gustatuko zaio?”, “Gustatuko zait?”, “Zakila txikiegia edo handiegia izango da?”,” Nire gorputza gustatuko zaio? - “Zelan egin ondo joateko?”, “Orgasmoa zelan eman behar diot?”, - “Lar arin korritzen banaiz zer?”,”Eta tente ez bada jartzen?” - “Ahurdun geratzen banaz zer?”, “kondoia apurtzen bada zer?”,” Hiesa hartzen badut zer?”, “Eginda gero zer paseko da gure artean?”.
Hemen ez dira homosexualen kontu zehatzak agertzen, baina beldur gehienek ez dute adinik ezta sexurik ere ez. Azken finean, minaren beldurra, gorputz biluziaren lotsa, “egin beharrak” sorturiko estuasuna, eta ekintzaren ondorioen beldurra... Hor daude, beti, edozein adinetan eta edozein harreman motetan. Argi dago gero emakume eta gizon bakoitzak bere modura barneratuko duela eta hemen bakoitzaren bizitza aztertzea ezinbestekoa dela bere eguneko egoera ulertzeko. Bakoitza mundu bat gara eta. Dena den, momentu horiek norberarentzako baino ez dira izango, norberak bizi izan behar du eta nahiz eta entzun, amestu, pentsatu eta imajinatu… Norberak baino ez du jakingo zelakoa izango den eta seguru aski ez du asmatuko oso ondo, lehenengo aldia delako. Gaur ez daukat astirik gaia sakontzeko eta ikusten dut zuon grina begietan, atzamarrak arratoiaren gainean ordenagailuaren pantailan beherantz joan ala ia zerbait gehiago dagoen idatzita gai honi buruz. Ez kezkatu datorren hilabetean jarraituko dut gai honekin eta. Besarkada handi bana.