BAGOAZ LIGETAN?

Agurtzane Ormatza Imatz

jot13_1.jpg

Aupa denoi, Urrian oso interesgarria den gaiari heldu genion eta gaia eskuetatik ihes egin baino lehenago beste ukitu pare bat emango dizkiogu. Zelan pasa duzue asteburua? Segur aski gehienok koadrilarekin, batzuek euren neska edota mutil lagunarekin, bataren bat bere etxean irten nahian baina ezin... denetarikoa ez da? Ikasle batzuek irakurrita aurreko artikulua esan didate ondo zegoela ulertzeko norberaren egoera pertsonaren bat gustuko dutenean baina oraindik ez zekitela zer egin behar zuten gustuko pertsona hori lortzeko. A zelako egoera saila! Nik eduki ezkero errezeta magikoren bat luzatuko nizueke baina tamalez ez daukat. Dena den zer edo zer asmatuko dugu! Ez pentsa kontu hau makala denik zuok baino askoz ere zaharragoak ere askotan galdetzen didate ea zer egin behar duten hobeto ligetako eta. Antza denez harremanetarako askotan oztopo handiak topatzen ditugu eta askotan ondo egiteko nahian hainbatetan hanka sartzen dugu. Inportantea da jakitea gure bizitzako une baten baino askoz ere gehiagotan mutil edo neska bat izango dugula gogoko eta beste batentzako geu ere gogokoa izango garela. Inportantea da norbera konturatzea beharbada beti ez dela posible norberak gustuko duen neska edo mutil horren maitasuna lortzea. Inportantea da jakitea ez badugu guk nahi duguna lortzen mundua ez dela bertan behera jausten. Hau ezinezkoa iruditu arren, batez ere maiteminduta gaudenean. Inportantea da jakitea bestearen ezetza aurretik daukagula eta askotan saiatzea maite dugunaren irribarretxoa konkistatzea polita dela. Inportantea da jakitea norbera mutil edo neska izateagatik besteekin hainbat berdintasunak dituela baina baita ere berezitasunak bereri baino ez dagozkionak eta beharbada hauek direla bestearentzako lore txorta eskaintza ederrena.


Guztia zertarako da hain garrantzitsua ba? Uste dudalako hau dena jakin eta sentitu ezkero errazagoa izango dela besteengana hurbiltzea beldurrak edota lotsak gure baitan egon arren. Askotan lotsak, beldurrak, zalantzak, segurtasun ezak.... guk ez duguna nahi egitera bultzatzen gaituzte. Adibidez: gogoko dugun mutila ez agurtzea, gustukoa daukagun neskari adarra jotzea, bihotzeko kuttunari barre egitea, gure azukre koskorrari berba gordinak eta ez atseginekin hurbiltzea, besteari pentsaraztea berari buruz ez dugula ezer ere ez jakin nahi....Azken finean bihotzeko horri mina eman nahi barik eta bide batez mina egin geure buruari. Askotan lotsak, zalantzak eta abarrekoak estaltzeko eta bestearengana joateko edan, erre edota bestelako zer edo zer hartzen dugu. Gure herriko neska eta mutil arteko aspaldiko errituala da, gure kanpotik at dagoen zer edo zer erabili bestearekin elkartzeko dagoen bidea azkarrago eta errazago egiteko. Sarritan ez dago berarekin batzerik eta berarekin egotea lortzen dugunean ahotik tontakeri itzelak irteten dira eta tontakeri hauek ez gaituzte bat ere laguntzen gure xarmantasuna azaleratzen. Beste batzuetan lortzen dugu gure barneko desioaren kontrako jokaerak burutzea, hurrengo egunean damutzeko. Ez da bat ere sentsazio goxoa! Zer esanik ez gure aldamenetik BERA pasatzen denean eta ezin dugunean aurpegira begiratu ere ez egin. Egia esanda gehienetan ez da erreza baina begiratu zuon ingurura eta galdetu zelan egiten duten beste batzuk ligetako. Nik ikastetxeetan nagoenean galdetzen dut eta denon artean hauxe dira erabiltzen diren teknikak edo. - Lagunen bitartekaritza lanak antza oso inportanteak izaten ohi dira bestearekin batzeko eta batez ere jakiteko ea gustukoa nauen ala ez. - Gaur egun telefono mugikorrak ere bere funtzioa betetzen du, hau da aurpegira ezin diodana esan mugikorraren bidez errazagoa bilakatzen da. Interneteko Txat hori antza denez funtzio bera betetzen du. - Besteari zuzendutako gutunak eta ohartxoak oraindik ere erabiltzen dira, telefonoak ez duzuenontzako aspaldiko bihotzeko teknika da hau. Baina oso emankorrak diren betiko teknika pare bat edo daude: Gu garen modukoak izatea besteari erakutsiz gure gaitasunak, gure begiradaz, berbaz, laguntzaz, irribarretxoaz... bestearengana hurbiltzea eta egunen baten aurpegira esatea nahi duguna. Momentu horiek biontzako ahaztezinak bihurtuko dira ezetza jasotzen badugu ere. Polita izaten delako beste batentzako gustukoa zarela jakitea. Animo, beste hori ere urdurik egongo da eta.! Besarkada handi bana, Agurtzane

Agurtzane Ormatza Imatz

2004, Abendua 01
Arloa: Jo ta jo