LARRIALDIKO ANTISORGAILUA

Agurtzane Ormatza Imatz

jot16.jpg

Aupa denoi: Zelan zabiltzate? Otsaila hotz honetan eta San Balentin eguna izanez hamalauan beharbada bestelako idatzi bat egin behar nuen baina imajina dut maitasun kontuekin nahiko izan duzuela beraz zuon galdera batzuei kasu egitea ebatzi dut eta bestea datorren hilabeterako edo utzi.

Larrialdiko Antisorgailua (L.A.)

(Hurrengo eguneko pilula edota Koito osteko pilula deitzen zaio baita ere) prestakin hormonal bat da. Haurdunaldi bat prebenitzeko babesbako koito baten ostean erabiltzeko . Beraz nahigabeko haurdunaldiak prebenitzeko metodoa. Ez da pilula abortiboa haurdunaldia prebenitzeko baino ez da eta. Baina kontuan hartu behar dugu metodo hau

larrialdirako kasutan erabiltzeko baino ez dela

. Behin baino gehiagotan, batez ere emakumearen ziklo berean, erabili ezkero eraginkortasuna gutxitu egingo da, gainera bestelako eragin ezkorrak edukiko du emakumearen zikloan. Metodoak ere ez du babesten sexu bidezko gaixotasunetatik. Noiz erabili dezakegu antisorgailu hau edota zer gura du esan babesbako koitoa?: Nahigabeko eiakulazioa bagina barruan ematen denean. * Kondoia apurtzen denean, kondoia bagina barruan geratu denean sasoiz ez delako zakila atera isurketaren (eiakulazioaren) ondoren edota txarto jartzearen ondorioz barrurantza sartu denean, edo kondoia jartzea ahaztu denean. * Coitus Interruptusmetodoa ( mutilak eiakulatu baino lehen baginatik zakila ateratzea) erabiltzerakoan isurketa baginan barruan izan denean. * Bortxaketa kasutan

Zelan erabili behar da?

Eraginkorra izateko babesbako koitoa eduki bezain laster erabili behar da 72 ordu pasa baino lehenago, lehenengo 24 ordutan eraginkortasun handiena dauka. Sasoi horretan hartzen da lehenengo pilula eta 12 ordu pasa ostean bigarrena. Hartzen baldin baduzu eta hortik eta hurrengo hiru ordutan oka egiten baduzu berehala beste pilula bat hartu beharko duzu. Oso eraginkorra da ondo erabili ezkero baina ez ehuneko ehunean, %2 eta 6 artean huts egiten du.


 

Zelan funtzionatzen du antisorgailu honek?

Metodo hau eraginkorra da bakarrik ernalkuntza eman baldin bada eta obulua endometrioan ezarri baino lehenago hartzen bada. Behin ezarrita badago pilula hartu arren haurdunaldia aurrera joango da inolako eragin barik enbrioirentzako. L.A. hormonalaren akzio-mekanismoa anizkuna da eta oraindik ez dakigu zein den ernaldi posible bat aldatzen duen fenomeno fisiologikoa. Baina bai daudela nahiko fundamentuzko hipotesi batzuen artean bata obulazioaren atzerapena edota inhibizioa eta obuluaren eta hazizkien (espermatozoideen) garraioan aldaketak sortaraztea. L.A. erabili ezkero segur aski lehengo astean goralarriak, okadak, zorabioak, nekea, odol jarioa baginatik eta buruko mina eman ahal dira, baina denak ez dira eman behar aldi berean, emakumearen arabera izango da. Normalean emakume guztiek hilerokoa euren ohiko datan edukiko dute kasu batzutan aldatuta egon arren pilula hartu eta gero.

Zelan lortu?

Estatu Espainolean 2001eko martxoaren 23an OSASUN ETA KONTSUMOKO MINISTERIOAK baimendu zuen farmako honen mekataratzea. Baimen honek polemika handia sortu zuen gizartean, mass median eta profesiodunen munduan, batez ere medikuen eta botikarien artean. Beraz modu egokiena da ohiko medikuengana joatea eta hurrengo eguneko pilularen errezeta eskatzea gero botikan erosteko( Euskal Herriko Iparraldean ez da beharrezkoa errezetarik farmazian erosteko).

Hain erreza den erantzuna askotan oso gatxa bilakatzen da kontuan hartzen badugu: * Kasu gehienetan hartu behar duenak adin gabeko neska bat da eta ez du inork jakiterik nahi are gutxiago bere senitartekoren batek. * Pilula hau adingabeko bati ematea osakidetzako profesiodun batzuentzako gatazkatsua izan lei. Batzuek sentitzen dutelako oso egoera delikatu batean ikusten dutela euren burua: sentitzen dutelako alde batetik gurasoen eskubidea euren seme alaben heziketa bideratzeko eta bestetik adin gabeko pertsonek duten eskubidea osakidetzako zerbitzutara sartzeko eta euren intimitatea babesteko. * Europar Hitzarmenean, eta gu horren barne gaude, argi agertzen da “adinbako helduen” gaitasuna euren buruaren jabe izateko eta hark behar eta gura izan ezkero nahikoa dela medikuak pilula emateko. Baina kasu batzutan ere medikuak ez du hain argi ikusten adin gabekoen heldutasuna. * Mediku batzuek “OBJECION DE CONCIENCIA”argudiatzen dute pilula ez emateko gizaki baten bizitzaren prozesua eteten delako eta hau euren oinarri moral eta erlijiotsuen kontra joatea izan lei. Honi buruz ezin da egin ezer ere ez, medikuen eskubidea aurretik dago eta. Beraz egoera nahiko korapilatsua da, gehienetan gazteen eskubidea nagusitzen da bada ere argi dago adin gabeko bat baldin badoa larrialditara pilula eskatzera eta bertoko profesiodun batek ezetza ematen badio neska hori ez dela hasiko bere eskubideak aldarrikatzen hain egoera larritan dagoenean, kanpora joango da leku batetik bestera bere arazoari irtenbide bat topa arte. Dena den L.A. hau larrialditarako da beraz beharbada horretara iritsi baino lehen goza dezagun arduratsu. Hurrengoan gozamenari buruz ibiliko gara!

Agurtzane Ormatza Imatz

2005, Martxoa 01
Arloa: Jo ta jo