Sexologiaren tartea
Aupa denoi, Ni Agurtzane Ormatza Imatz naiz eta sexologoa naiz. Batzuek ezagutuko nauzue azkeneko bi urtetan web orrialde honetan sexualitateari, sexuari... dagozkion galderak, gaiak, zalantzak eta abarrekoak aztertzen ibili naizelako. Ikasturte berria jadanik martxan dago eta aurton ere hemen naukazue. Aspaldion nire lanagatik ikastetxetik ikastetxera nabil sexu heziketa ikastaroak jorratzen DBH eta Batxilergo ikasleekin, beraz hemen plazaratuko ditudan hainbat gai izango dira ikastetxetan zein gure kontsultan agertzen diren arazo, kezka... Orri hau beste modu bat izango da denon artean sexologiari dagokiona zabaltzeko eta sakontzeko. Jakin badakigu zuon adinean gai honi buruz dauden gaiek zuon jakinmina pizten dutela. Beharbada oraindik gauza lar nahiko nahastuta daude eta segur antzean buelta asko emango diozuela gaiari. Gaur egun hainbat iturritatik edaten duzue zuon kuriositate hori asetzeko: liburuak (etxean, eskolan,...), internet (web orri bereziak...), telebista (pelikulak, programa ezberdinak,...), bideoak (erotikoak, amodiozkoak,...), irratia (“hi bizi haiz hi”,”en tu casa o en la mía”...) , aldizkariak (You, Vale, Playboy, Cheri...), lagunak (gehienetan norberak beste dakitenak baina...), gurasoak (beti azaldu nahian eta jakin nahian)... Kezka hauek askotan bakarka asetzen dira eta bakoitza ahalik eta ondoen berea egiten saiatzen da, ezta? Bidea ez da erreza ez! Gainera bide hori ez da hasi bat-batean, DBHko lehenengo mailan, ez, aspaldian baino, txikitatik. Baina tira lehen beharbada errazagoa zen, bestelako ardurak, eta zer esanik ez lotsa eta beldurra ez zeuden hain present. Adin honetan gertatzen diren gorputz aldaketak: "Titiak handitu jataz", "zakilak berak gura dauana egiten dau, ez daukat kontrolik, ezin dut tanpoia sartu, batzutan barrabiletan mina daukat, ... Adin honetan bizitzen ditugun esperientziak: "Aspalditik Jone ikusten dodanean mututu egiten naz", "ez dakit, betidanik gustatu zaizkit mutilak baina aspalditik zer edo zer berezia sentitzen dut Nereagatik","korridu baino lehenago zakila ataraten badot ez dago problemarik, ezta?, bera ez da geratuko haurdun, ezta?",.. Adin honetan pizten den sua inoiz ere ez dugu sentitu: "Pajak egitea ona al da?", "zer gustatzen zaie neskei egitea?","mutilak korriduten dira eta neskok?", "zerk emoten dau gustorik handiena?" Ikusten duzuen moduan gaia zabala da eta gure asmoa argi apur bat ematea baino ez da. Zuokin hilero batuko naiz eta tartetxo hau izango dugu sexologiari buruz berba egiteko, bata besteari entzuteko, ikasteko, galdetzeko eta gozatzeko ikasturte honetan. Datorren hila arte, besarkada handi bana. Agurtzane