KIRURGIA ESTETIKOA
Aupa denoi! Jadanik kurtsoari martxa hartuta eta hainbat gai, zalantza, galdera... airean. Guretzako ere kurtsoa hasita dago eta inguru guztietatik galderen bonbardaketa itzela da, baina horrela gustatzen zaigu. Aspaldion nahiko berria den kontua agertu da irratian, telebistan eta egunkarietan. Hortik errez heldu kalera eta ikastetxetara, eta denon ahoetatik gugana etorri zaigu. Zein da berria?Ba aluaren ezpainen zirugia estetikoa. Zer da kontu hau? Batzuek jadanik jakingo duzue baina dena den gaur tartetxoa hartu dut horretarako. Estatu Batuetan aspaldian jarri den moda Euskal Herrira heldu da, bestelako hainbat gauza legez. Antza denez gero eta neska gazte joaten dira gehiago klinika pribatuetara euren aluaren ezpainetako tamainekin ez daudelako konforme. Neska batzuek uste dute ezpain horien tamaina lar handia dela bestelako aluekin konparatuz, besteentzako itsusi samarrak direla edota arazoak edukitzen dituztela “tangak” erabiltzerakoan ezpainak kanporatzen zaizkielako. Arrazoi desberdinak dira baina denek ardatz berbera daukate, estetika kontua. Klinika horietan zirugia egiten da ezpain txikietan ezpain txikien zatitxo bat moztuz. Jakin izan dugun moduan, medikuek egindako zirugia estetiko horren bidez neskek nahi duten ezpainen tamaina lortzen dute 500 euroren truke. Berria ez da makala ez, berriro ere azpimarratzen duelako gure gorputza onartzeko orduan zenbateraino diren inportanteak egun dauzkagun eredu estetikoak. Gizarteak bultzatzen dituen ereduak adin guztietan daukate izugarrizko eragina baina segur aski zuon adinetan izango da eragin nabariena. Zergatik diñot hau? Zuon sasoian oraindik gorputza bere formak hartzen ari da, garatze prozesu batean dago murgildurik eta zuok ere egunero saiatzen zarete zuon gorputzera moldatzen. Ez da erreza, aldaketa garaian gorpuzkera barri batera egokitzea eta are gutxiago gorputz horrekin pozik egotea: lehen ilerik ez zegoen lekuan orain bai, lehen titi edo zakila txikiagoak zeuden eta orain gero eta handiagoak, altuera eta zabalera aldatzen da... hainbat aldaketa, gainera eredu estetikoak gainean eta denok harei begira. Zelan izango da erreza ba. Lehen, ereduen helmuga nesken “tipoa” zen, neurriak ondo mugatuak: titiena, mokorrena, gerriarena, altuerarena... Orain, mutilen ereduak ere merkatu honetan lekua izan dute eta eurentzako ere neurriak daude: altuera, ipurdiaren, sorbalden, sabelaren eta besoen formak eta giharrak. Zer esanik ez nesken zein mutilen depilazio kontua edota janzkera. Aluaren ezpainarena da gizarte honek ipintzen duen estetika historiaren beste urrats bat, zein izango da hurrengoa? Batek daki baina adi egon, etorriko da eta. Jakin badakigu kultura bakoitzak eta garai historiko bakoitzak bere eredu estetikoak dauzkala, jakin badakigu horren eragina askotan zein den baina antza denez ez dugu oraindik ikasi gure gorputzari zelan kasu gehiago egin, ereduek daukagun gorputz aberasgarri hau blokeatu gabe. Ia ezinezkoa da kontuan ez hartzea gizarteak markatzen duena, denok sentitzen dugu zein inportantea den gure gorputzarekin ondo egotea gure buruarekin ere ondo egoteko... Hau horrela izanda, bilatu beharko ditugu leku zoragarriak gure gorputzaren izkinetan. Landu, maitatu eta zaindu gure azala, gure aurpegia, gure titiak, gure hankak, gure zakilak, gure besoak, gure ilea, gure aluak, gure ezpainak... Gorputz eder hau gure etxea da, gu gara, beraz, kasu egin eta laztandu ahalik eta gehien ereduen eragina txikitzeko. Ez da erreza baina nork esan du erreza izango zela? Besarkada handi bana, Agurtzane