Zelan

Agurtzane Ormatza Imatz

jot25.jpg

Aupa denoi, Gabonak eta oporrak atzean geratu dira eta Olantzeroren opariak ere bai. Seguruenik askok eta askok izugarri gozatu duzuela ekarritakoarekin, eta zuetatik beste hainbat opari barik geratu zarete: batzuk zuen familietan ez zegoeako nahikoa dirurik eta beste batzuk gura izan duzuen oparia ezin delako erosi, ez daukalako preziorik. Sarritan bizitzan gehien desiatzen ditugun gauzak ez daude inolako dendetan, ez daude salgai. Adibidez horrenbeste maite dugun mutil edo neska horren arreta, ligatzeko teknikari buruzko liburua, zuk gura duzun emaitzak ziurtatzen dizuna, alboko klasekoarekin irtetzea edo musukatzea... ez, hori dena ez dago salgai. Ni ez natorkizue inolako errezeta magikoa eskuan dudala, ez daukat teknika horien liburua, eta ez dakit zelan lortu maite dugunaren maitasuna biok bat egiteko. Egia esateko gura ere ez dut gura. A zelako ardura! Baina beharbada hainbestetan entzun dudan galdera, sarritan konta dizkidaten istorioak, betiko desio honi buruz hiru-lau berba esateko prest nago. Ikastaroetan talde batekin nagoenean lanean eta “ligatzearena” aztergai denean, hau da %95 etan, ikasleak zein adinekoak izan, jokotxu bat egiten dugu zehatz jakiteko zeintzuk diren galderak, desioak eta bizitzen dugun errealitatea. Eta hona hemen sailkapena: Galderak: Zelan ligatu behar dut? Zein da modurik egokiena maite dudanaren arreta lortzeko? Zelan kendu lotsa berarengana hurbiltzeko? SMSak bidaltzea ondo dago? Zer gerta daiteke berak ezetz badio? Zergatik joan behar dugu beti mutilek neskengana? Zelan esan nire lagunik onena bada? Desioak(zelan nahi dugun besteak gurekin ligatzea eta zelakoa izan behar du?): Neska edo mutil oso jatorra izan behar du Nigana etorri behar du bere sentimenduak adierazten Ezin da oso lotsatia izan baina oso AZAL GOGORRA ERE EZ Ohartxo baten bidez edo smsaren bidez Mozkortuta ez etortzea Ondo tratatu behar nau eta ez adarra jo Buelta bat ematera gonbidatu Elkarrizketa interegarria eta goxoa eduki behar du Jakinarazi behar dit ni bere gustokoa naizela Gorputz ederra eduki behar du Ezin da izan oso koipetsua ezta hotza ere “Detallista” izan behar du Errealitatea(Zer egiten dugun ligatzeko?): Ezer ez, ez dut nahi inork barre egitea nire kontura. Lagunak izan bitartekaritza lanak egiteko bion artean Edatea indarra hartzeko berarengana joateko Dantzan egitea Bere mobila lortzea “dei galdu bat” egiteko edo mezu bat botatzeko Eder janztea, edo ahalegindu behintzat. Besteari bromak egitea, adarra jotzea. Bere arreta lortzea Berataz paso egitea ez nabaritzeko bere atzetik nabilela. “Interesantearena” egitea bera nitaz ohartzeko. Itxarotea bera datorren nigana etorri arte, lotsatzen naiz eta. Ikusten duzuen moduan kontua ez da oso erreza eta guk geuk ere den baino zailagoa egiten dugu askotan. Gauza bat da zer gura dugun, zein den gure desioa eta beste bat, zeharo desberdina askotan, zer egiten dugun guk. Hau da, errez eskatzen dugu zer egin behar duen beste batek baina gero, normala denez, denoi asko kostatzen zaigu beste bati eskatzen dioguna guk egitea. Desiatzen bera etortzeko baina gu ez gara gai aurrera pauso bat ere emateko. Behar bada besteari gauza bera gertatuko zaio. Ezetzaren beldur gara denok. Bera ere bai. Askotan lotsak, beldurrak, zalantzak, inseguritateak.... guk ez duguna nahi egitera bultzatzen gaituzte. Adibidez, gogoko dugun mutila ez agurtzea, gustuko dugun neskari adarra jotzea, bihotzeko kuttunari barre egitea, gure azukre koskorragana berba gordinekin eta ez atseginekin hurbiltzea, besteari pentsaraztea berataz ez dugula ezer ere ez jakin nahi.... Azken finean bihotzeko horri mina eman nahi barik eta bide batez mina egin geure buruari. Egia da askotan ez dela posible guk gura dugunaren maitasuna lortzea, geu ere beste batzuen jomugan gaude baina guretzako ez dira hain desiragarriak. Baina ezetza beti dago atzetik eta garaipena eta irribarretxo bat aurrean. Ez badugu erronka hori hartzen eta ez bagara saiatzen, inoiz ere ez dugu jakingo zein izango den ondorioa. Bakoitzak bere moduak dauzka, eta bere moduak eginarazten du neska hori edo mutil hori desberdin. Bakoitza gure izaeraz. gure begiradaz, berbaz, laguntzaz, irribarretxoaz... hurreratzea da oparirik ederrena eta baliogarriena beste inork ezin diolako eman nik ematen diodana, nahiz eta nik emandakoa berari ez gustatu. Inoiz ez, inorekin ere ez, besteak ez du edukiko nirekin edukiko duena. Ni bakarra naizelako. Besarkada handi bana, Agurtzane


 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2006, Urtarrila 01
Arloa: Jo ta jo