Eman hilekoari beste aukera bat!

Agurtzane Ormatza Imatz

jo28.jpg

Aupa denoi! Hile honetan hileko kontuarekin jarraituko dugu eta beharbada batek baino gehiagok aurreko aleko artikulua irakurri ondoren, orri hau irakurriko ez duela erabaki dezake. Baina tira...denon gustukoak diren gaiak lantzea askotan ezinezkoa bihurtzen da. Beraz hemen doakizue artikulua, nahi duenarentzat. Hilekoa dugun emakumeok, batzuk besteak baino gehiago, burukomina izaten dugu. Gure gizarte honetan emakume gutxi dira menstruazioa oso ondo daramatenak eta are gehiago goraipatzen dutenak. Badago egoera bat segur aski hilekoa ondo ospatzeko, hau da norbaitek haurdun egotearen beldurra izan duenean eta hilekoa eduki duenean. Baina gehienetan ez da gustukoa, eta egia esateko pena da eramangarriagoa izango litekeelako. Zuotariko askok eragozpen frankoekin topatzen zarete odolak bere bidea egiten duenean. Alde batetik ematen dituen “ minak” eta “ lotsak”, eta beste aldetik tanpoiaren kontuak ekartzen duena. Neska askori hilekoarekin dagoela edota tanpoiak ala konpresak erabiltzen dituela esatea lotsagarria iruditzen zaie, ez bada euren koadrilakoekin. Beharbada hilekoaren kontua intimitatearen alorrean ematen den kontua denez kanporatzea kosta egiten da. Beharbada askok sentitzen dute euren garapenaren beste etapa batean daudela eta bestelako gorputza eta emozioak bizitzen daudela. Beharbada oso sentibera sentitzen dira. Beharbada ez dakite zelan bideratu prozesu hau. Beharbada… Animu ba! Gure bizitzan krisialdi asko daude eta etapa askotatik pasa behar dugu, ez da izaten aldi makala, baina bai pasa beharrekoa. Leku batetik bestera pasatzeak eta garapen prozesuan bete betean egoteak beti dakar barruko zurrunbiloa areagotzea jakin gabe ia-ia zer pasatzen zaigun ere ez. Tanpoien istorioak burukomin nahiko ematen du. Tanpoia sartu baino lehenago komenigarria da gure alua ondo ezagutzea, horrek ikurrak emango dizkigulako gero tanpoia sartu nahi dugunerako. Askok entzungo zenuen edota bizi baita ere bai, tanpoia sartzerakoan mina ematen duela. Inportantea da jakitea gure bagina giharraz dagoela osatuta eta gorputzeko beste muskuluak bezala, gu urdurik egonez gero uzkurtu egiten dira eta hau oso mingarria bihur daiteke. Beraz, behin gure alua ezagututa, beste garrantzizko pausua nola erlaxatu izango da. Arnasa sakon eta astiro hartzeak, musika lasaia entzuteak, leku lasai baten egoteak....asko lagunduko digu. Baina bakoitzak topa dezala bere modua. Gero egoera lasai horretan atzamar txikia bagina barruan sartzen baduzue, horrek ere lagunduko dizue. Barruan dagoela atzamarra nabarituko duzue zelan muskuluek hartzen dituzten zuon atzamarra lasai asko. Ahal baduzue uzkurtu muskuluak( txiza eten nahiko bazenuen antzean) eta igarriko duzue zelan erlaxatzen duzuenean baginan leku gehiago dagoela. Bagina oso malgua dela sentituko duzue. Beharbada oso ona den beste teknika bat da alua laztantzea eta masajeatzea, masak¡jistek egiten duten moduan gorputzako bestelako atal bat tentsioan dagoenean, eta sentituko duzue zelan errazagoa izango den zuek gura duzuen tanpoi hori sartzea. Bakoitzak har dezala bere denbora, bere espazioa....lasai asko hartu. Ez da hau betebehar bat, zuon gorputza ezagutzeko aitzakia baino ez eta bide batez zuok gura duzuenean tanpoia erabiltzeko. Hilekoa eduki baino lehenago eta daukazuenean ere, gorputzean ematen diren hainbat aldaketa fisiologikoek eragin oso nabarmena daukate emozioetan eta gorputzaren erreakzioetan ere bai. Hori bai, bakoitzak prozesu hau bizitzen du oso modu eta intentsitate desberdinarekin. Batzuk sabela aldean edota giltzurrunetan eta hankataraino mina sentitzen dute. Beste batzuei titiak handitzen zaizkie eta oso sentikorrak egonez gero arropa erosoa eta goxoa baino ezin dute erabili. Hainbatetan gertatzen da burukominak, zorabioak eta nekea edukitzea. Emozio aldetik ere neska askok igartzen dute malenkoniaren edota haserrearen itsasoetan oso erraz jausten direla, oso sentikor daudelako. Gaur egun hainbat eta hainbat oztopo eta arazo gainditzeko badaude hainbat profesional zuon alboan, laguntzeko prest. Medizina tradizionala zein bestelakoa. Ginekologoak eta naturistak gertu edukiko duzue, hilero aldatzen den gure odolaren bidea jasangarriagoa izateko. Kanpotik ematen dizkiguten pilulak edota belarrak eragina edukiko dute baina baita ere gurekiko jarrera ulerkorrak bidea lasaiagoa izaten lagunduko digu zalantzarik gabe. Beraz eman hilekoari beste aukera bat!! Besarkada handi bana, Agurtzane


 

Agurtzane Ormatza Imatz

2006, Apirila 01
Arloa: Jo ta jo