Pilulak

Agurtzane Ormatza Imatz

jo31.jpg

Apa denoi!!! Gaur ekarri dizuedan gaia seguruenik hainbatetan entzun duzue baina ikastaroetan nabilenean ikusten dut sarri nahasi samar zabiltzatela gai honen inguruan. Pilulak aztertuko ditut. Zelakoak dauden eta bakoitzak zertarako balio duen. Nahastea sortzen zaizue askotan pilula bakoitzaren funtzioen gainean. Behar besteko informazioa ez duzuenon artean batez ere ondoko mota biak dira errakuntzarako bidea ematen dutenak:

  • Haurdun ez geratzeko hartzen den pilula. Hau da Antisorgailu modura erabiltzen dena, eta “pildora” izenarekin ezaguna dena.
  • Hurrengo Eguneko Pilula edo Larrialdietarako Pilula. Larrialdi kasuetan erabiltzen den pilula.

 

Pildora:

Pildora, beste edozein prestakin hormonal bezala (hain berriak diren partxeak edota baginarako eraztunak) andreengan obulazioa galaraztea da bere helburua. Obulazioa gertatu ezean ez gara haurdun geratuko. Androk hilekoa edukitzeko gure burmuinak esan behar dio gure obulutegiari obulua askatzeko eta hori gertatzeaz gain gure obulutegiek bestelako hormonak izurtzen dituzte gure odolera. Pildora hartzen dugunean, obulutegiek izuri behar dituzten bezalako hormonak hartzen ditugu, sintetikoak baina. Orduan gure odolean behar ditugun hormonak artifizialki sartu ditugunez, gure burmuinak ez dio inolako agindurik emango obulutegiari, horrek esan nahi du ez dugula obulaziorik izango. Beraz, ezin gara haurdun geratu. Pildora hartzeko gure medikua edota ginekogoloa kontsultatu behar dugu. Argi eduki beharko dugu pildorak ez gaituela genitalen bidez transmitituriko gaixotasunetatik babestuko.

Hurrengo eguneko pilula edo Larrialdirako Antisorgailua:

Pilula hau beste prestakin hormonal bat da. Haurdunaldi bat prebenitzeko, babes gabeko koito baten ostean erabiltzeko. Beraz nahigabeko haurdunaldiak prebenitzeko metodoa da. Ez da pilula abortiboa, haurdunaldia prebenitzeko baino ez da eta. Baina kontuan hartu behar dugu metodo hau larrialdi kasuetan erabiltzeko baino ez dela. Behin baino gehiagotan, batez ere emakumearen ziklo berean, erabili ezkero eraginkortasuna gutxitu egingo da, gainera bestelako eragin ezkorrak eragingo du emakumearen zikloan. Argi eduki beharko dugu pilula honek ere ez gaituela genitalen bidez transmitituriko gaixotasunetatik babestuko.

Noiz erabili dezakegu antisorgailu hau?

  • Kondoia apurtzen denean, kondoia bagina barruan geratu denean sasoiz ez delako zakila atara isurketaren ondoren edota txarto jartzearen ondorioz barrurantza sartu denean, edo kondoia jartzea ahaztu denean.
  • Antisorgailu Pilulak hartzea ahazten denean.
  • Diafragma txarto jartzearen ondorioz lekuz kanpo irristatzen denean
  • Coitus Interruptus (mutilak eiakulatu baino lehen baginatik zakila ataratzea) metodoa erabiltzerakoan isurketa baginan barruan izan denean.
  • Bortxaketa Kasuetan.

Zelan erabili behar da?

Eragingarria izateko babes bako koitoa eduki bezain laster erabili behar da 72 ordu pasatu baino lehenago, lehenengo 24 orduetan eraginkortasun handiena baitauka. Sasoi horretan hartzen da lehenengo pilula eta 12 ordu igaro ostean bigarrena. Oso eragin handikoa da ondo erabili ezkero baina ez ehuneko ehun eragingarria: % 2 eta 6 artean huts egiten du. Euskal Herriko hegoaldean farmazietan lor dezakezu zuen medikuak emandako errezetaren bidez edota larrialdirako anbulatorioetan bertako medikuak emanda. Iparraldean errezetarik gabe lor dezakegu farmazian.

Zelan funtzionatzen du antisorgailu honek?

Metodo hau eragin garria da bakarrik ernalkuntza gertatu bada eta obulua endometrioan ezarri baino lehenago hartzen bada. Behin ezarrita badago pilula hartu arren haurdunaldia aurrera joango da inolako eragin barik enbrioiarentzako. L.A.hormonalaren akzio-mekanismoa anizkuna da eta oraindik ez dakigu zein den ernaldi posible bat aldatzen duen fenomeno fisiologikoa. Baina badaude oinarri sendoa duten batzuk:

  • Obulazioaren atzerapena edota inhibizioa.
  • Obuluaren eta hazikien (espermatozoideen) garraioan aldaketak sortaraztea.
  • Endometrioan (gure umetokiaren “azala”) eragina, hau da antisorgailu horren bidez sartzen diren progestagenoek endometrioaren heldutasuna atzeratzen dutela eta enbrioa ezartzeko beharrezkoa den sinkronizazioa aldatzen dutela.

Ikusten duzuenez pilulen mundua oso anitza eta konplexua da, baina pilulak guri laguntzeko baino ez dira, beraz, erabili baino lehen kontsultatu ondo eta gero behar izanez gero jo zuen medikuarengana. Badakit erreza dela esatea eta askotan oso zail egiten zaizuela honelakoak eskuratzea. Lotsak, beldurrak, batzuetan osasungintzan dabiltzan batzuen aurreiritziak edota beldurrak ere ez dute denon bidea errazten. Animo ba! Besarkada handi bana, Agurtzane


 

Agurtzane Ormatza Imatz

2006, Uztaila 01
Arloa: Jo ta jo