Afrodisiakoak

Agurtzane Ormatza Imatz

jo33.jpg

Kaixo denei!! Zelan oporretatik bueltan? Batzuek ia ahaztuta edukiko dituzue, beste batzuek ahaztu nahian…Buelta beraz batzuentzako gogorregia eta besteentzako gozagarria…Danoi be ongi etorri gure orritxora. Edozein ikastetxetara joaten naizenean zein lagunen artean edota kontsultan nagoenean askotan agertzen den gaia, afrodisiakoena izaten da. Zelako afrodisiakoak daude? Zelako eragina daukate gure desioan? Zertarako balio dute? Egia al da oilaskoak edota platanoak “narrutan” egiteko gogoa ematen duela? Afrodisiako hitza hiztegian agertzen da eta gogo sexuala kitzikatzen duena dela azpimarratzen du. Hau horrela bada edozein pertsona, landare, egoera, janari, fantasia, jarrera, jokabide... izan daiteke afrodisiakoa. Hori bai zortea! Ez dira hain eskuragaitzak izango, orduan! Baina sarri berba hau entzuten dugunean janariren bat datorkigu (zainzuriak, oilaskoa, errinozeroaren adarraren hautsa, zezenaren barrabilak...) eta janari horrek edonoren baitan eragiten dituen sentsazio plazergarriak (zirraren intentsitatea, gogoa, kilikiliak, orgasmoa...). Afrodisiakoak zenbaterainoko eragina edukiko duen ulertzeko ezin dugu ahaztu zelan eraikitzen dugun gure desioa. Bizitzan eraikiz joaten gara desioa eta egunero lantzen dugu. Desioa sexudunak garen heinean, sexualak garen heinean, erotikoak garen heinean eta maitaleak garen heinean eraikitzen da. Gu jaiotzetik, hobeto esanda amaren umetokian geundenetik, gure sexuazio prosezua hasi zen eta hortik aurrera ezin dugu eten. Neskatila edo mutila gorputz batean gauzatu zen eta bizitzan gorputz horretan gauzatuko dugu zer garen. Askotan ahaztu arren garrantzitsua da gogoan hartzea gure burmuina ez doala leku batetik eta gorputza beste batetik; gure pentsakera ez dagoela leku batean eta gure emozioak bestean; gure azalaren zirrarek ez dute egiten bide bat eta eta gure burutazioak beste bat. Gorputzak daukan makina miresgarri horretan dena doa lotuta, konektatuta. Gorputzaren loturak lagunduko digu hobeto ulertzen gure baitan sortzen diren hainbat kontraesan eta bizipen: zelan, askotan, ulertzen dugun hainbat gauza zenbat kostatzen zaigun egiten; zelan jakin orgasmoara heltzen masturbazioaren bitartez eta batzuetan zelan ezinezko bilakatzen den; zelan urduri gauden eta tripetako mina daukagun; zelan inoiz matematikako ariketak errezagoak diren momentu bateko musu sakona baino... Eguneko desioa momentuarekin lotuta egongo da eta, baita ere, gure bizitzan eraiki dugun desioarekin. Hau da, zelan bizi garen daukagun gorputz honetan, zelan bizi izan dugun gure andretasuna edota gizontasuna hartu ditugun mezuen bidez, zelako sailtasunak eta baliabideak eduki ditugun harremanak edukitzeko orduan, zelako mezuak entzun ditugun sexualitateari buruz, zelako esperientzi erotikoak eduki ditugun, zelan garatu izan ditugun gure fantasiak, zelan bideratu dugun gura izan duguna, zenbateraino ikertu dugun gure desio erotikoa, zenbateraino ezagutzen dugun gure gorputza eta bere potentzialitatea, zelako harremana daukadan gaur bikotekidearekin, zenbaterainoko erakartzen nauen oraindik, zelan esaten diodan nahi dudana, zer egin bera berotzeko .... Aldagai guzti horiek, eta gehiagok, eraikiko dute gure desioa eta lagunduko digute momentu zehatz batean daukagun desioa edo desio eza ulertzeko. Gainera, askotan gure desioa beste batengana bideratzen dugunean, berarekin bat egitea lortuz gero, ezin dugu ahaztu berak ere edukiko duela bere desioaren bizipena. Guk pentsatzen dugun baino zailagoa izaten da bik elkar ondo ulertzea, biak berotzea, biak plazerra sentitzea, biek euren burua uztea sentsazioen itxasoan, biek eremu berean murgiltzea... Beraz afrodisiakoak aipatzerakoan ez da batere erreza erantzun arin eta fin bat ematea aurreko guztia ez baldin badugu kontuan hartzen. Kulturetan eta historiaren garai ezberdinetan afrodisiakoak hainbat modutan garatu dira, beti ere emakume eta gizonen arteko harreman erotikoak sakontzeko, ars amandiren jokoetan plazerra areagozteko. Kultura guztietan izan dute jakinmina gozamenaren inguruan eta kultura bakoitzak egoerei modu anitzetan eman die irtenbidea. Afrodisikoak batzuetan janariak izan dira, besteetan drogak, baita landareak ere bai. Gau egun ere badaude horretarikoak eta, eztabaida zabala badago ere, afrodisiakoen eragina hobeto ulertzeko hiru ataletan sailkatu genezake. Lehenengoa janari-, bedar-, droga-afrodisiakoak, printzipio aktiboen bitartez eragiten dutenak. Bigarrena momentu horretan testu inguruak gure baitan daukan eragina. Eta hirugarrena gure barneko egoerak eragiten diguna. Azkeneko honetan ahaztezina aipatutako desioaren kokapena. Beharbada horrela ulergarriagoa izango da zergatik afrodisiako batzuek beste batzuek baino eragin handiagoa daukaten. Besarkada handi bana agurtzane


 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2006, Urria 01
Arloa: Jo ta jo