Birjintasunagaz gora eta behera

Agurtzane Ormatza Imatz

jo35.jpg

Beste askotan moduan hementxe naukazue. Gehienak gabonetako oporrekin ametsetan baina askok hainbat azterketa pasa behar duzue horrelako jai egunak edukitzeko. Animo ba denontzako be eta zorte on!! Ikastetxe desberdinetatik nabilenean Birjinitateari buruzko eztabaidak lantzean behin itsaso olatu moduan agertzen dira, gora eta behera marea bezala. Hor daude betidanik. Alde batetik gure judo-kristauaren tradizioak ondo sakonean grabatuta daukagulako eta bestetik gure gizarteak oro har modu ezberdinetan mantentzen duelako. Honen isla ikastetxeetan zein ikastetxeetatik kanpo oraindik egiten dituzten galderak. Hainbat gai ateratzen dira honi lotuta: gehienetan neskei dagokien gaia dela ematen du, heterosexualen kontua dela, koitoari baino ez dagoela lotuta... Birjinitatea, balore moduan hartu izan denean, hainbat gizartetan eta kulturetan himenaren inspekzioak eta andreen kontrako errespetuko gabeko diren hainbat gertaera bultzatu izan dira. Emakumeen askatasuna moztu izan dute, intimitatea gainbegiratu izan dute, nesken ezkontzarako gaitasuna aztertu izan dute... Birjina ez izateak emakume bat deskalifikatu edota baztertu egiten zuen. Ezkontzeko garaian zegoen neska bere birjinitatea demostratu behar zuen. Hau da bere himena ez zegoela apurtuta. Himena apurtuta egon ezkero koitoa praktikatu zuela ondorioztatzen zuten eta. Suposatzen zutelako himena apurtzerakoan odola izurtzen zela eta aldi berean Naturak himena horretarako jarri zuela. Beraz himenaren existentziak frogatzen zuen birjinitatearen nolakotasun naturala nolakotasun kulturala baino. Birjintasuna moral agindua bihurtu zuten. Legea egina tranpa ere bai: -Hainbat kulturetan ezkontzaren eguna ipintzea hilerokoaren arabera praktika oso ohikoa bihurtu zen. Hilerokoak bermatzen baitzuen ezkontza gauean odola egongo zela. -Bestelako joko erotikoetan jardun, denetarikoa koitoa izan ezik. -“Virguerak”, agertu ziren eta andre gazteen birgoaren -himenaren- berreraikitzea zuten euren lana. Oso baliabide gutxi eduki arren euren lanean oso abilezi handi erakusten zuten. Euren lanaren arabera andre askoren errehabilitazio morala eta soziala zegoen. Egun emakumearen fisiologiaz nahiko dakigu, eta honek lagundu gaituelakoan nago birjinitatearen auzi honi aurre egiten beste modu baten. Himena baginaren hasieran dagoen mintza bat da. Bere funtzioa baginaren babes mekanikoa izatea da. Naturak argi zuen baginaren zabalera funtsezkoa zela ugaltzeko baina aldi berean argi zegoen zulo horretatik hainbat infekzio sartzeko erraztasun handia zegoela baita ere bai. Horregatik Naturak sortu zuen “ kulero naturalak”, guk asmatu baino lehenago Naturak josi zuen barruko arropa. Baina kulero honek akats bat zeukan: pubertaroa heltzerakoan hilerokoaren fluxua eta penetrazioa eragozten zituen. Beraz adin horretarako bestelako mekanismoak martxan jarri behar zituen babesa mantentzeko baina gerorako arazoak eman gabe. Azidotasuna eta bagina-flora izan ziren, sistemak ipinitako babes naturalak. Hau dela eta lehenengo hilerokoak eta baginaren defentsarako sorturiko sistema kimikoak bultzatu zuten himenak bere arrazoi fisiologikoa galtzera. Horregatik pubertarotatik aurrera naturak ez du ezer ere ez egiten himena berreraikitzeko, hau dela eta himena gero eta meheagoa da eta himenaren baskularizazioa gero eta gutxiagoa da. Beraz himena errazagoa apurtzeko eta odol gutxiago ateratzeko gai da. Himena apur lei hainbat modutan: lehenengo koitoan ala bestelako praktiken bidez: bizikletan ibiliz, soinketa ariketa batzuen bitartez, jausiz… Naturak ipinitako himenak jadanik ez dauka hasierako inportantzia. Labur bilduz, ikuspegi zientifikotatik himena apurtzen baldin bada bakarrik frogatzen du gauza bat eta hauxe da himena apurtu dela. Birjinitatea -auzi morala-, eta himena -auzi anatomikoa- , lotzea oso akats larria izan zen. Baina birjinitatea dela gainetik kendu behar dugun gaixotasun antzekoa izatea beste akats larri bat da. Sarri aldekoak eta kontra daudenak eztabaida antzuetan galtzen dira. Praktika koitalak ezkontza barneko markora atzeratzea edo bestelako egoetara (maitasunez jositako testuinguru batera adibidez) norberaren intimitatearen eremukoak baino ez dira, norberaren aukerak. Horrek ez du esan nahi, askotan entzundakoaren kontra, itxarotearen prozesua (koitoa egiteko itxarotea) dela auto errepresioaren isla. Beharbada askotan koitoa atzeratzeak gure garapen erotikoan sakonaraztera bultzatzen gaituzte. Sistema honek bultza daitekeelako gorputzaren hausnarketa eta azterketa garatzea eta baita ere bai norberaren zein bikotekidearen garapena aberastea. Zer uste duzue? Besarkada handi bana.


 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2006, Abendua 01
Arloa: Jo ta jo