Sexua
Aupa denoi ! Zelan zabiltzate? Kurtsoa amaituta dago eta denok pozik egongo zarete… gogo itzelekin oporrak behar den moduan gozatzeko. Ez da harritzekoa . Badakizue orri honetan beti dagoela tartetxo bat zuon kezka, galderak edota arazoak azaltzeko oporretan bazaudate be…Zalantza horiek gehin bat agertzen dira ikastolatara joaten garenean, baina gure web gunea be prest dago zuon iradokizunak jasotzeko. Ikastolatan profesionalok gabiltzanean momentuz bi motatako lana egiten dugu, alde batetik klase taldearekin zuzenean sexu heziketari dagokion ikastaro trinkoa eta bestetik banakako aholkularitza. Lehenengoan denon partaidetza, talde dinamikak eta jokoak dira ardatza; sexualitateak dakartzan galderak, lotsak, desioak, beldurrak eta pasioak jorratzeko. Bigarrenean aldiz, intimitatea eta berba zuzena dira ardatza, neska batek edo mutil batek daukan arazoa edota kezka argitzeko, bideratzeko…. Bi bideetan laguntzea dugu helburu. Orain dela gutxi, kurtsoa amaitzear zegoela, behin baino gehiagotan azaltzen den kezka batekin hurreratu zitzaidan neska bat. Aholku eske. Neskak hamasei urte ditu. Eta bere esnetan, betidanik eduki izan du harreman oso ona neskekin zein mutilekin.Txikitan haur eskola garaian nobioa zeukan. DBH hasi zuenean bere klasekide batekin maitemindu zen eta 2. mailan egon zirenean elkarregaz hasi ziren irtetzen. Mutil horrekin ia urte bete iraun zuen. Harrezkero ez da beste inorekin ibili. Neska-mutil koadrila handi bat dauka eta bi neska eta mutil bat dira bere lagunik minenak. Orain dela sei hilabete bere gaueko ametsetan eta bere fantasia erotikoetan neskak agertzen hasi zitzaizkion, era desberdinetan berarekin jolasten. Batzuetan berbetan be, baina gehienetan musukatzen eta laztantzen modu lizun batean. Neska, oso urdurik etorri zen; ez zekielako amets horiek errealitatearekin zelako lotura edukiko luketen. Bere galdera zuzena izan zen: ea lesbiana izango ote zen. Eduki gendun elkarrizketa berarentzako eta biontzako utziko dut, intimitate esparruan gera dadin, baina gaia nahiko maiz agertzen denez zuoi azalpen batzuk luzatzea pentsatu dut. Askotan aipatu dudan moduan gure sexualitatea eta erotika ebolutiboa da. Hau da; gure bizitzan zehar garatzen da, hainbat modutan eta batzuetan nahiko aldakorrak. Gure sexu identitatea haurrak (5-8 urte gutxi gora behera) garenean garatzen den moduan. Hau da jakitea zer garen mutila edo neska. Nerabezeroaren garaian garatzen da gure desioaren orientabidea, hau da neska edota mutilak gustatzen zaizkigun. Beraz adolesentzia, bestelako bizitza sasoien legez, gora beheratsua izaten da eta askotan zaila egiten zaigu jakitea non gauden, zeintzuk diren gure benetako gustuak, zelan sentitzen garen, gure bizitzaren norabidea zein den… galdera eta kezkaz beteriko sasoia da. Batzuek oso argi ez daukate euren iritzia gauza batzuei buruz, besteak zalantza gabe egiten dute berba auzi batzuei buruz, askok ez dakite zelan azaldu modu egokietan euren sentimenduak, sarri gehienei bihotza eta burua nahastu egiten zaizkie…ez da erreza. Denetarik dago. Gure desioarekin gauza bera gertatzen zaigu. Batzuk oso argi daukate zein duten gustoko eta besteek aldiz, ez daukate batere argi. Askok denetariko fantasiak dituzte eta nahasmena handitzen zaie, jakinda fantasietan agertzen dena ez dela errealitatea. Sarri oso argi eduki duguna egun batetik bestera ez daukagu hain argi. Mutil eta neska gehienak sasoi honetan desioaren itsasoan hasten dira igeri egiten. Batzuek ametsetan edota fantasietan eta beste batzuek baita ere ekintzetan, hau da bere gorputzarekin jolasten edota lagunarekin jolasten. Garaia da itsaso horretan galtzeko, zorabiatzeko eta norabidea batzutan ilunpetan geratzeko. Beraz kontu honekin dinbilin danbala bazabiltzate ez da kezkatzekoa, bakoitzak bere erritmoa dauka jakiteko zer gura duen eta. Badakit deseroso sentiaraziko zaituztela jakintasun ezak baina hoba horrela izatea benetako izateari ez jarraitzea baino. Ez da erreza, eta gure gizartean are gutxiago. Adin hauetan daukazuen grina, jakinmina, desioa, gogoa, exzitazioa, sentimenduak, burutazioak, ametsak, emozioa…bideratzea ez da lan makala. Bizi dugun garaiak askotan ez dizuete uste zuok nahi edota behar duzuen moduetan barrenak askatzen. Egun bideak nahiko markatuta daude eta dauden mugetan ez bazarete murgiltzen arraroa zaretela esango dute. Egia da sexualitateari eta bere espresioari dagokionari buruz berba asko egin dela eta asko aurreratu dela baina oraindik badaukagu egitekorik. Ez aztoratu eta zuon izateari jarraitu. Bat egitea benetan sentitzen duzuenarekin, batzuetan zailena dena. Beharbada zuon sexuko norbait gustatzen bazaizue zaila egingo zaizue onartzea eta are gehiago azaltzea, baina ez ahaztu hori dela zuen barrenean, gorputzean bor bor egiten dizuena. Oraindik ez badaukazue oso argi, ez kezkatu ohikoa delako. Segi arreta ipitzen sentitzen duzuenari eta horrek erakutsiko dizue desioaren bidea. Batzuetan denbora daroa jakiteak benetan barrenean daukaguna. Besarkada handi bana, Agurtzane
Argazkiak: Lea Multimedia