Gorputza ezagutuz

Agurtzane Ormatza Imatz

jo45.jpg

Zelan ikasturtearen hasiera? Jadanik moldatuta edo inoiz ere ezin izango zarete ikastetxearen martxara ohituko!. Gaurkoan kontsultan zein ikastetxeetan agertzen zaidan zalantza bat gura dut jorratu. Gelan askotan izen gabeko ohartxo baten bidez heltzen zait galdera hau edota oso modu orokorrean, horregatik gaur hori landu egin behar dugu. “ Gero eta gutxiago geratzen naiz nire mutil lagunarekin,; asko maitatu arren eta berarekin egoteko gogoa izan arren, irten izan garen bakoitzean txortan gura du, eta niretzat ezinezkoa da, izugarrizko mina ematen dit. Berak dio nire arazoa dela inoiz ez baitu arazorik izan, eta nik uste dut arrazoia duela.” “Nire neska lagunarekin oso ondo konpontzen naiz, ez daukagu inolako arazorik sexuaz berba egiteko baina ematen du bere bagina itxita daukala.” Emakume askori ezagunak egiten zaizkie honelako istorioak. Estatistikak dio emakumeen % 2 -%4ri bagina nahi barik zarratzea arazoa bihurtu zaiela. Gehiengoentzako hau arazoa ez bada ere, gero eta emakume eta bikote gehiago agertzen dira buruhauste honekin. Zertaz hitz egiten ari gara? Neskok gure bagina ikusten saiatuz gero soilik ikusiko dugu gure baginaren zuloa. Beraz oso gutxitan jakin izaten dugu benetan nolakoa den. Gure bagina muskuluez osatuta dago eta nahiz eta txikia dela iruditu zerbait sartzerakoan handitu eta luzatu egiten da batez ere neska lasai badago. Baginak 8 eta 12 zentimetro bitarteko luzera dauka eta kitzikatzearen eraginaz eta sarketarenarekin handiagoa eta luzeagoa bilakatzen da. Ispilu txiki bat eskuan daukazuela animatzen zaituztet atzamarra sartzeko zuon baginan zelakoa den barrutik ikusteko eta sentitzeko. Gure ahoa bezalakoa da, umela, fina eta mamitsua. Gure bagina muskuluaz eginda dagoenez, gorputzako edozein muskuluari gertatzen zaion moduan urdurik edo deseroso gaudenean, mina sentitzen dugunean edota mina edukiko dugula pentsatzen dugunean, gure gorputz osoa tente jartzen da, muskuluak uzkurtu egiten dira eta poroak zarratzen dira. Baginan gauza bera gertatzen zaigu; barrukoa uzkurtu, gogortu eta itxi egiten da ezinezkoa izanez ezer ere ez sartzea. Pelbiseko eta baginaren kanpoko aldean dauden giharrak uzkurtzen dira nahitaez, erreflexu automatikoa bihurtuz. Honek koitoa, ginekologoaren esplorazioak edota tanpoia sartzea ezinezkoa bihurtzen ditu. Are gehiago zer edo zer sartzen saiatuz gero mingarria bihur daiteke. Min hau dela eta, sexu-atsegina gero eta urrunago geratzen da eta mina gero eta gertuago. Zergatiak gertatzen da? Sexologiaren korronte beste erantzun egon daiteke. Batzuentzako minaren beldurraren ondorioa baino ez da. Beste batzuen arabera sexualitatearen formazio eta informazioaren ezagatik ematen da. Askotan haurdun geratzearen edo genitalen bidez transmitituriko gaixotasunaren beldurrarengatik gertatzen da, baginaren infekzioen bategatik, bikotekidearekin dagoen harremanagatik, komunikazio faltagatik..Ikusten dugunez arrazoi ugari egon daitezke; gaia zabala da eta kasu bakoitzak bere irtenbidea dauka eta honelako ezintasunak eta estualdiak gerta ez daitezen lan egin beharko dugu. Argi eduki behar dugu gure gorputzaren gora beherak gureak direla eta ikastearen prozesua ez dela bat ere erraza askotan. Hau ez da lehiaketa bat gusturago eta hobeto bizitzeko egoera baino .Denbora bilatu behar dugu eta pazientzia eduki baita ere bai. Gure barrena zabaltzen badiogu gure gorputzari gure gorputzak gauza bera egingo du. Ezin diogu agindu gure baginari zabaltzea ez bagara gai hura begiratzen eta lasaitasunez ukitzen ere. Zelan goza genezake horrela? Zelan lasaituko gara gure bagina ezezaguna bada? Ez zaizue zaila iruditzen? Ondo pasa gorputzaren izkinetatik; gorputzak sortzen dituen sentsazioak entzun behar ditugu, sexu-atseginean sakondu.. baina presiorik gabe, ardurarik gabe…soilik ikusten, dastatzen, ikasten…Gorputzean, gure emozioetan, gure pentsamenduetan, gure baitan gertatzen ari denaz ohartu eta onartu. Ikasi, berrikasi, sentitu…


 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2007, Azaroa 01
Arloa: Jo ta jo